Albisteak
Programa oparo eta anitza osatu du festa-batzordeak San Nikolas jaietarako
2019-12-05 2019-12-08
Orioko Udala eta festa-batzordea
Herriko jaiak herritar eta eragileekin elkarlanean antolatzeko eratutako festa-batzordeak aurkeztu berri du datozen sanikolasetako festa-programa.
«Abenduaren 5, 6, 7 eta 8an ospatuko diren festetarako programa oparo eta anitza antolatu du jai-batzordeak. Herritarrentzako moduko festak izan behar dute, herritarrak bertan identifikatuta sentitzeko modukoak, eta ahalegin hori egin dugu» adierazi du Xabier Ibarguren Orioko Udaleko Kultura, Gazteria eta Festa zinegotziak.
Orioko emakumeon beharren diagnosia deskargatu daiteke webgunetik
Azaroaren 14an aurkeztu zuten Ahalduntze Eskolako Eider Goiburu eta Aizpea Esnaola berdintasun-teknikariek aurten egin duten lana: Orioko emakumeon beharren diagnosia.
Diagnosia egiteko, Orioko emakume askorekin bildu ziren bi teknikariak maiatzetik ekainera bitartean. 42 emakumek parte hartu zuten antolatu ziren eztabaida-taldeetan eta, horrez gain, 14 eta 90 urte arteko 285 emakumek galdetegi bana bete zuten.
Txostenaren egileen ustez, diagnosia kezkagarria da eta garbi uzten du beharrezkoa dela emakumeen ahalduntze-prozesu bat bultzatzea herrian.
Diagnosia txosten batean bildu dute eta hemendik deskargatu daiteke, PDF formatuan:
Edukiontziak irekitzeko bigarren txartela banatuko da eskualdeko etxebizitza guztietara
Errefusaren eta organikoaren edukiontziak irekitzeko bigarren txartela banatuko da eskualdeko etxebizitza guztietara. Datozen egunetan jasoko dute txartela, gutun bidez, bost udalerrietako herritar guztiek.
Bigarren txartel hau ere, lehendabizikoa bezalaxe, etxebizitzari dagokio, eta soilik irekiko ditu norberaren etxebizitzari dagozkion bilketa-puntuko organikoaren eta errefusaren edukiontziak. Txartela galdu edota hondatuz gero, berri bat eskuratu ahal izango da udaletxean edo Udal Elkartean.
Ikastetxeek elkarretaratzea egingo dute Orion azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela-eta
2019-11-25
11:30
Kultur etxearen aurrean
Orioko Udala, Zaragueta eskola, Herri Ikastola, Zingira eskola eta Ahalduntze Eskola
Orioko Zaragueta eskolako, Herri Ikastolako eta Zingira eskolako haur eta gaztetxoek (LH1etik DBH4ra bitartekoek), irakasleek eta gurasoek elkarretaratzea egingo dute kultur etxearen aurrean azaroaren 25eko goizean.
11:30ean egingo da elkarretaratzea. Kultur etxearen aurrean bilduko dira ikasle, irakasle eta gurasoak eta, ondoren, hiru ikastetxeetako gazteek gelan landutako bertso batzuk kantatu eta agiri bat irakurriko dute kultur etxeko balkoitik, indarkeria matxistaren kontra agertzeko eta tratu onak aldarrikatzeko. Segidan, gaiari buruz Rosi Lazkano bertsolari oriotarrak eskualde osoko ekitaldietan erabiltzeko sortu dituen bertsoak kantatuko dituzte bertan bildutako guztiek.
Kalejira egingo dute Danbolin Musika Eskolako ikasleek, Santa Zezilia dela-eta
2019-11-20
17:30
Herrian barrena
Danbolin Musika Eskola
Kalejira azaroaren 20ko arratsaldean egingo dute, asteazkenarekin, 17:30ean abiatuta.
Txistu, trikitixa eta panderoko ikasleak Kultur Etxetik abiatuko dira eta kalejira egingo dute, Ikastola aurreko plazaraino. Han, dantza-emanaldi txiki bat egingo dute Danbolineko dantza-ikasleek.
Ondoren, berriz ere kalejiran, futbol zelaiaren aurreko plazara joko dute ikasleek eta gitarra eta soka taldeek abesti batzuk joko dituzte han.
Bukatzeko, Kultur Etxe atzeko plazara joango dira eta bandako ikasleek zenbait pieza joko dituzte eta, ondoren, txokolate beroa hartuko dute partehartzaile guztiek.
Banderen bedeinkazioa egingo da abenduaren 8an, igandearekin
2019-12-08
12:00
Herrian eta Arraunetxen
Orioko Udala eta Arraun Elkartea
Abenduaren 8an Orioko Arraun Elkarteak aurten irabazitako banderak bedeinkatuko ditu.
Banderen bedeinkazioa igandeko meza eta gero egingo da, 12:00etan. Elizako joan-etorria txarangaz lagunduta egingo dute eta, ondoren, 12:30etik aurrera, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldea kalez kale ibiliko da, kantuz.
Bazkaria
Udalak eta Arraun Elkarteak elkar lanean antolatutako arraun festa ohizko bazkariarekin bukatuko da. Bazkaria Arraunetxen izango da eta parte hartu nahi dutenek kultur etxean edo Gabon tabernan erosi behar dute txartela, aldez aurretik.