Liburutegiak hilero antolatzen dituen ipuin-kontaketa saioetako bat izango da datorren astelehenean, abenduak 14, 17:30ean hasita (adi: ordua aldatu du liburutegiak, eskari bati erantzunez).
Miriam Mendoza ipuin-kontalariak emango du saioa. Miriam ezaguna da Orioko haurrentzat, lehenago ere askotan etorri izan da-eta liburutegira.
Saioa kultur etxeko areto nagusian egingo da eta 3 eta 6 urte arteko haurrentzat eta gurasoentzat da.
Udalak Gabonetako argi eta apaingarri berriak instalatuko ditu aurten
Udalak aldatu egin du Gabonetako argiak direla eta azken urteotan erabili duen irizpidea eta herriaren izaerarekin lotuago dauden argi eta apaingarriak instalatuko ditu aurten. Dagoeneko hasita dago argietako batzuk instalatzen: argazkian ikusi daiteke, esate baterako, herriko zubiaren azpian jarri diren koloretako argiak, errioa argiztatzen dutenak. Datozen egunotan, pixkanaka, instalazioa osatzen joango da Udala, plazan, moila inguruan, Eusko Gudari kalean…
«Euskaraz Gazte» literatur lehiaketaren sariak abenduaren 3an banatuko dira kultur etxean, Euskararen Egunarekin
2020-12-03
19:00
Kultur etxeko areto nagusia
Orioko Udala
Azken urteotan bezala, Euskararen Egunean banatuko dira Udalak urtero antolatzen duen «Euskaraz Gazte» literatur lehiaketaren sariak; aurten ostegunarekin tokatzen da abenduaren 3a.
Sariak banatzeko ekitaldia kultur etxean izango da, areto nagusian, 19:00etan hasita. Pandemia-egoeraren ondorioz, aforo mugatuarekin egingo da ekitaldia eta joan nahi dutenek aldez aurretik eman behar dute izena kultur etxera deituta (943 134 409).
Sari-banaketan Amaia Gutierrez biolin-irakasleak eta bere ikasle batzuk ere parte hartuko dute, ekitaldia musikaz laguntzeko.
Eskualdeko ostalariei prestakuntza emango die Udal Elkarteak
Egoera zaila bizi du ostalaritzak eta, horren aurrean, Urola Kostako Udal Elkarteak, bere eskumen eta ahalmenen baitan, babesa eman nahi dio sektoreari eta, horretarako, hainbat ekimen jarriko ditu martxan.
Ruper Ordorikaren kantaldia izango da kiroldegian abenduaren 12an
2020-12-12
19:00
Orioko Karela kiroldegia
Orioko Udala
Ruper Ordorika kantari oñatiarrak kantaldia emango du Orion abenduaren 12an, larunbatarekin. Kantaldia 19:00etan izango da, Karela kiroldegian.
Ikuskizunerako sarrerak aldez aurretik hartu behar dira, 10 euro ordainduta. Aforo-mugak direla-eta, 220 sarrera baizik ez daude saltzeko eta astelehen arratsaldetik aurrera erosi daitezke kultur etxean. Pertsona bakoitzak bi sarrera erosi ditzake, gehienez.
«Euskara eta emakumeak» hitzaldia izango da abenduaren 2an kultur etxean
2020-12-02
18:00
Kultur etxeko areto nagusia
Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskola eta Udala
Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolak eta Orioko Udalak elkarlanean antolatuta, «Euskara eta emakumeak. Genealogia/begirada feminista bat» izeneko hitzaldia izango da datorren asteazkenean, abenduak 2, 18:00etan hasita. Hitzaldia kultur etxeko areto nagusian egingo da eta Saioa Iraola Urkiola izango da hizlaria.
Hitzaldian parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik, esteka honetan:
https://forms.gle/tqCb7uPr3DN3fKFB7
Euskaraldiaren eta Euskararen Egunaren aitzakian antolatu da hitzaldia data horretan, Udalak eta Ahalduntze Eskolak euskara alorrean egiten ari diren elkarlanaren barruan.