Ira03

16:00 eta 19:00

Herriko Plaza berritzeko lanak datorren astean hasiko dira

Lekua: Kultur etxeko areto nagusia

Antolatzailea: Orioko Udala

Traducción automática al castellano

Lanak irailaren 5ean hasiko dira eta, gauzak ondo bidean, 9 hilabete luzatuko dira.

Obraren ondoren, Herriko Plaza oinezkoentzat geratuko da eta moilako errepidea bi noranzkokoa izango da.

Bi obra batera

Herriko Plaza berritzeko lanak bi obra desberdinak osatuta daude: batetik, Udalak Herriko Plazako, Aritzaga kaleko eta Txistulari kaleko lur azpiko instalazioak berrituko ditu, ur zikinak antolatu eta, oro har, saneamendu-lanak egingo ditu inguru horretan.

Bestetik, saneamendu-lan horiekin batera, datozen hilabeteotan, Eusko Jaurlaritzako Portu zuzendaritzak moila zabaltzeko lanak egingo ditu, horko errepidea bi noranzkokoa izan dadin.

Aldaketak herriko sartu-irteeretan

Obra Aritzaga kalean hasiko da irailaren 5ean eta lehen fase horrek 3 hilabete iraungo du. Hilabete horietan herriko sarrera Txistulari kaletik izango da eta irteera, berriz, Diketik; ondorioz, 2,40 metroko altuera baina gehiago duten ibilgailuek Txanka-Hondartzako errepidetik irten beharko dute (IKUSI IRUDIA).

zirkulazioa2019

Bi obra garrantzitsu horiek onura handia ekarriko diete herritarrei eguneroko bizitzan, baina urtean zehar izango dira noski ezustekoak eta aldaketak. Udalak ahalegin guztia egingo du herritarrei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko eta, ahal den guztietan, zabalik mantenduko dira goiko irudian ikusten diren bi norabideak. Obrak aurreratu ahala, hala ere, baliteke, herritarren segurtasuna bermatzeko eta obraren exekuzioa errazteko, bideren bat itxi behar izatea; kasu horretan, Txanka-Hondartzako bidea erabili beharko da.

Bilera irekiak, zalantzak argitzeko

Udalak deituta, bi bilera ireki izango dira irailaren 3an, asteartearekin, obraren inguruko informazioa emateko eta herritarren eta merkatarien zalantzak argitzeko. Bilerak kultur etxean egingo dira, bat arratsaldeko 16:00etan eta bestea, 19:00etan. Herritar guztiak gonbidatuta daude azaltzera.

Barkatu eragozpenak

Obra handia da eta urtean zehar sortuko dira, zalantzarik gabe, eragozpenak eta aldaketak. Nolanahi ere, kontuan hartuta nolako eragin positiboa izango duen Herriko Plazaren inguru berrituak herritarren bizimoduan, Udalak pazientzia eskatzen dizue herritar guztiei, emaitzak mereziko du-eta.

GAUR EGUNGO PLAZAREN EGOERA

plazazaharra19

LANAK EGIN OSTEKO PLAZAREN IRUDIKAPENA

plazaberria19

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.