Agus Barandiaran trikitilariak 2004an sortutako Korrontzi folk taldeak emanaldia eskainiko du Orion urtarrilaren 23an, igandearekin. Saioa Karela kiroldegian izango da, 19:00etan hasita, eta sarrerak urtarrilaren 17tik aurrera izango dira salgai kultur etxean bertan ala 943 13 44 09 telefonoan erreserba eginda. Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundearen Aita Mari ontziaren aldeko ikuskizuna izango da.

Trikitixaren doinuak oinarri hartuta, euskal musika herrikoiari eta antzinako hots tradizionalei ikuspuntu moderno eta garaikideagoa emateko helburuarekin sortu zuen taldea Barandiaranek, eta gure kultura, hizkuntza, dantza eta musika mundu osoan zabaltzen ibili dira ia bi hamarkadatan.

Laudioko eta Bakioko kontzertuen ondoren, Orion emango diote jarraipena 2022ko birari. Gainera, musikariekin batera, Harribil dantza-taldeko dantzariek ere hartuko dute parte saioan. Hilaren 23an izango da, igandearekin, eta sarrerak urtarrilaren 19an jarriko dituzte salgai kultur etxean. Gainera, 943 13 44 09 telefonoan erreserbatzeko aukera ere izango da.

Hala eginez gero, astean zehar kultur etxetik pasatzeko eta erreserbatutako sarrerak jasotzeko eskatu dute antolatzaileek, kontzertuaren egunean banaketa errazteko.

Kontzertu solidarioa

Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundearen Aita Mari ontziak ia bost urte daramatza Mediterraneoko uretatik migratzaileak erreskatatzen. Lanean jarraitzeko, ezinbestekoa dute herritarren eta erakundeen babes ekonomikoa, eta Korrontzi taldeak Orioko kontzertuarekin eta produktuen salmentarekin lortutako irabaziak ontziaren jarduera laguntzera bideratuko ditu.