Albisteak
«45+Indartzen» programari buruzko saio informatiboa apirilaren 14an egingo da, asteazkenarekin, 11:00etan. Saioa online egingo da gotomeeting plataformaren bidez. Saio informatiboan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da galdetegi hau beteta. Ondoren, saiora sartzeko esteka jasoko du interesdunak bere posta elektronikoan.
Laster hasiko da «45+Indartzen» ekimenaren 4. edizioa. 40 orduko prestakuntza-programa da, 45 urtetik gorako herritarrak lan-munduan txertatzeko. Programan izena emateko epea zabalik dago eta apirilaren 21ean bukatuko da.
COVID-19aren Orioko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua igo egin da eta 505ekoa da gaurko egunez. Ondorioz, Orio «eremu gorrian» sartu da berriro.
Hori dela-eta, Eusko Jaurlaritzak eremu gorrirako ezarritako neurri murriztaileak aplikatuko dira Orion, bihar asteartetik aurrera.
Hauek dira, nagusiki, aplikatuko diren neurriak:
- Herriaren perimetroa itxi egingo da. Galarazita dago herritik ateratzea edo herrira sartzea, ez bada mugakide diren herrietara joateko erosketetara edo aire zabaleko jarduera fisikoa egitera.
- Ostalaritzan mugatu egingo da barruko espazioak erabiltzeko ordutegia. Hau izango da ordutegia: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era. Terrazatan orain arte bezala kontsumitu ahal izango dute bezeroek: eserita eta lauko taldetan gehienez.
- Kirol-instalazioetako aldagelak itxi egingo dira. Taldekako kirolak 4 laguneko taldetan egingo dira barruan, eta seikotan kanpoan.
Balentziaga Memoriala txirrindularitza-lasterketa amateur bat da, Eibarko Txirrindularitza Elkarteak urtero antolatzen duena 1972z geroztik.
Aurtengo edizioa igandean izango da eta Oriotik pasatuko da, goizean. Santiago Erreka auzotik etorriko da tren-geltokiaren ondoko errotondaraino eta handik Zarautz aldera joko du. Orioko errotondara iristeko aurreikusitako ordua hau da: 11:07 - 11:15.
Ondorioz, tarte labur batez, N-634 errepideko zirkulazioa etenda egongo da tren-geltokitik Zarautzerako norabidean.
Barkatu eragozpenak.
Ostiral honetan, apirilak 9, Oriotik pasatuko da Euskal Herriko Itzulia bizikleta-lasterketa eta, horren ondorioz, N-634 errepidea itxita egongo da ibilgailuentzat tarte batez, 14:00ak inguruan hasita.
Antolatzaileek aurreikusten dute Itzulia 14:30ean pasatuko dela Oriotik, baina ordua aldatu daiteke lasterketak daraman abiaduraren arabera. Ertzainek, udaltzainek eta boluntarioek zainduko dituzte errotondak eta bidegurutzeak eta zirkulazioa ordu erditik gora etengo da bi zentzuetan: Zarautz aldera eta Donostia aldera. Lasterketa garaiz badator eta gorabeherarik ez bada, 15:00etarako irekita egon liteke berriz zirkulazioa.
Barkatu eragozpenak.
Urtero bezala, Orioko Udalak eta UEMAk kanpaina egingo dute elkarlanean, herritarrek errenta-aitorpena euskaraz egitea bultzatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak iaz abiarazi zuen «100.000 zergadun ogasunarekin euskaraz» egitasmoa eta horri helduko dio aurten ere. Lau urterako egitasmoa aurkeztu zuen iaz eta, horren baitan, «Ogasunarekin euskaraz» leloa gehituko dute aurtengo kanpainari lotutako euskarri guztietan. UEMAk ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bat eginez, lelo hori gehitu du Gipuzkoako udaletarako prestatutako euskarri denetan.
Orioko Udalak ohar hau argitaratu du, Realaren atzoko garaipena dela eta, Imanol Alguacil oriotarrari eta herritarrei zuzenduta:
Handia egin duzu, Imanol: Realarekin titulu bat irabazi duen entrenatzaileetako bat oriotarra dela jasoko dute hemerotekek eta hala oroituko dugu zaleok. Zure bihotzeko taldea gorenera eraman duzu; gaur loriatan zabiltza finala irabazteagatik, baina eguneroko lan umilari ematen diozun balioak egiten zaitu handi. Zubietan lehena omen zara sartzen eta azkena ateratzen; irabazi edo galdu, garbi hitz egiten duzu, aurkaria gutxietsi gabe eta zure taldearengan sinesten duzula transmititzen duzu…
Azken urteotan ostatu-mota berriak sortu eta indartu dira; bereziki, erabilera turistikoko etxebizitzak eta etxebizitza partikularretako logelak. Sortu diren plataforma digital berriei esker, partikularrek aukera eta modu erraza dute beren etxebizitzak eta logelak turistei alokatzeko.
Ostatu hartzeko modu berri horien eragina nabaria da kostaldeko herri askotan, eta Orion ere bai.
Udala elkarlanean ari da ahotsak.eus webgunea kudeatzen duen Badihardugu elkartearekin, Orioko adineko jendearen ahozko testigantzak jaso eta katalogatzeko.
Adineko jendea altxor bat da, emateko asko daukana: hizkuntza bizi-bizia, eskarmentua, jakintza, kontakizun ederrak… ahotsak.eus ekimena abiatu duen Badihardugu elkarteak Euskal Herri osoko lagunen ondare hori biltzen du eta, Orioko Udalarekin elkarlanean, gure herriko jendearen testigantzak ere jasotzen ari da.
Herriko zabalgune eta plaza batzuek ez daukate izenik gaur egun eta Udalak izendatu egin nahi ditu.
Izenak erabakitzeko, parte-hartze prozesua egingo du Udalak:
- 1. fasean, herritarren proposamenak jasoko dira web-orrialde honen bidez.
- 2. fasean, Udaleko Obra eta zerbitzuetako batzordeak aztertuko ditu proposatutako izenak.
- Azkenik, toki jakin batzuetan proposamen egoki bat baino gehiago baldin badago, Udalak galdeketa ireki bat egin dezake dauden aukeren artean erabakitzeko.
Jon Gurrtxaga eta Urbil Artola musikariek kontzertua emango dute Orion martxoaren 26an, ostiralarekin, «Kateak» diskoa aurkezteko. Ekitaldia 19:00etan izango da, Arraunetxeko aretoan.
Kontzertua urtarrilaren 29an egitekoa zen, baina bertan behera geratu zen Orioko pandemia-egoerak okerrera egin zuenean, Udalak bere instalazio guztiak ixtea erabaki baitzuen.
Kontzerturako sarrerak aldez aurretik erosi behar dira, 2 euro ordainduta, eta interesatuek oraindik badaukate erosteko aukera kultur etxera joanda.
Orioko Maria Maestra haurreskolan matrikulatzeko epea apirilaren 12an zabalduko da, Pazko astearen ostean, eta irekita egongo da apirilaren 21era arte.
Matrikulatzeko, haurrak jaiota izan behar du.
Orain matrikulatzen diren haurrak irailetik aurrera hasiko dira haurreskolan.
«Arnasa gara» du izena kanpainak eta helburu hau du: arnasguneek euskararentzat eta Euskal Herriarentzat duten garrantzia nabarmentzea.
Kanpaina orain dela bi urte abiatu zen, eta orain aurkeztu den fase berrirako zortzi bideo labur sortu dituzte, hizkuntza-ohituren inguruan hausnartzeko. Bideo horiek datozen bi hilabeteotan zabalduko dituzte, astero bat . Kanpainari hauspoa emateko, musikarien, aktoreen, kazetarien eta kirolarien laguntza izango dute sare sozialetan.