Udalak eta Garabide elkarteak hitzarmena sinatu dute, elkarlan bidean sakontzeko

Hitzarmena sinatzeko ekitaldia Orioko udalbatzarraren aretoan egin da, gaur eguerdian eta bertan parte hartu dute Jose Angel Zaldua alkateak eta Andoni Barreña Garabideko presidenteak.

Udalak eta Garabidek 2013an sinatu zuten hitzarmen bat lehenbiziko aldiz eta horren indarraldia 2017an bukatu zen. Orain berritu egin dute eta hitzarmen berriaren indarraldia 2019ko abenduan bukatuko da.

Hizkuntza normalizatzeko egitasmoak lagunduko ditu Udalak

Orioko Udalak diru-laguntzak eman ohi ditu, garapen-bidean dauden herrietan proiektuak sustatzeko, eta, Garabide elkartearekin sinatutako hitzarmenaren bidez, hizkuntza normalizatzeko egitasmoak ere sustatuko ditu.

Garabide elkartea

Garabide elkarteak urteak daramatza kooperazio-ildo berri bat lantzen eta garapen-bidean dauden herrietako hizkuntza normalizatzeko egitasmoak sustatzen, helburu hauekin:

  • Lankidetza bideratzea garapen-bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuekin, euskara eta euskal kultura garatzeko esperientzien trukean oinarrituta.
  • Lankidetza-proiektuak abiatzea munduko Hegoaldeko hizkuntza komunitate minorizatuetako eragileekin, hizkuntzaren, kulturaren eta nortasunaren alorretan eta hezkuntzan.
  • Sustatzea euskararen eta euskal kulturaren garapenean lanean ari diren erakundeek beren eskarmentua eskaintzea Hegoaldeko hizkuntza komunitate minorizatu horiekin elkarlanean aritzeko.

Hitzarmenean hartutako konpromisoen arabera, Udalak 2.000 euro emango dizkio aurten Garabide elkarteari, munduko hizkuntzen biziberritze proiektuak indartzen laguntzeko. Garabidek azken urteotan abiarazitako proiektuak lehenetsiko dira: hau da, kitxua, nasa, nahuatl, kaqchiquel, maputxe, guarani eta Yucatango maiekin landutakoak.