Bukatu dira Mutiozabal ontziolako bigarren faseko lanak

Egin diren lanak honako hauek dira:

  • Ekialdeko fatxada berregin.
  • Ur-konporta berria egin.
  • Barruko egitura sendotzen bukatu.
  • Barruko gradak egokitu.
  • Kanpoko pasarelak eraiki.

Barruko ekipamenduari dagokionez, Azkoitiko Lanbide Eskola laneko mahaiak eraberritzen ari da une honetan eta, bestalde, ibilbideak osatzeko bi eskailera egin ditu.

Kostua

Mutiozabal ontziola berreskuratzeko lanen bigarren fasea Murgil-Betilanek eta Amilibiak egin dute: Murgil-Betilanek egin du eraikinari dagokion zatia eta Amilibiak, berriz, kanpoko eta barruko pasarelak eta mailak.

Bigarren faseko lan horiek, guztira, 125.441,58 euroko kostua izan dute.

Ontziola berreskuratzeko Udalak orain arte egin dituen lanek 319.441,58 euroko kostua izan dute. Udalak 168.036,39 euro jaso ditu guztira dirulaguntzetan: 117.000 euro, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri ditu eta 51.036,39 euro, berriz, Eusko Jaurlaritzak.

Atzeko etxea berreraikitzen bukatzen dutenean, plazatxo bat sortuko da ontziolaren ondoan. Gauzak ondo bidean, urte bukaerarako amaituko dira lan horiek.

Saneamendua eta ur-sarea berrituko da, astelehenean hasita

Martxoaren 25ean hasiko dira Mutiozabal inguruko saneamenduaren eta ur edangarriaren lurpeko instalazioak berritzen.

Obrak Altuna y Uria-k egingo ditu eta 303.262,35 euroko kostua izango dute. 100.000 euro Udalak ordainduko ditu eta gainontzekoa Gipuzkoako Urak kontsortzioak, uraren ziklo integralerako inbertsioetatik.

Obrak 3 hilabete inguruko iraupena izango du eta, tarteka, eragina izango du oinezkoen ibilbideetan. Barkatu eragozpenak.

mutiozabalBI19