Urola Kostako kultur sormenaren arloko 7 ekimen arrakastatsu aurkeztuko dira Irunen ostegunean

Urola Kostako Udal Elkarteak eta Bidasoa Bizirik Garapen Agentziak elkarlanean garatutako “Networking, Industria Sortzailea Bidasoa-Urola Kosta” ekimenaren baitan, Urola Kosta eskualdeko 7 ekimen arrakastatsu aurkeztuko dira maiatzaren 30ean Irungo Irun Factory gunean, 17:30ean hasita.

Eskualdeen arteko zubiak eraiki eta lankidetza nahiz parte-hartzeari helduta antolatu dira sortzaileen arteko topaketak. Ekimenaren helburua da lankidetzarako aukera berriak identifikatzea, sormen industrietako sektoreko enpresen iraunkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko. Ezagutzak partekatu eta sarean lanean (networking) jarri nahi dira Bidasoa Txingudi eta Urola Kostako sortzaile, artista, eragile eta sektoreko enpresak.

Zarautzen Bidasoko gonbidatuekin apirilean egindako saioren ondoren, bigarren topaketa izango da Irungoa. Bi ordu inguruko jardunaldia izango da.

Urola Kostako esperientziak partekatuz

Kultur sormenaren industriak (KSI) tradizio luzea eta harrobi oparoa du eskualdean; baina, ekimenaren lehen edizioa izanik, beren jardun-sektorean erreferentziazkoak diren ekimen arrakastatsuak azaltzeko hautua egin da. Dagoeneko zehaztu dira Urola Kosta eskualdeko zein 7 esperientzia aurkeztuko diren Irunen.

Ondorengoak dira saioan aurkeztuko diren Urola Kostako norbanako eta eragileak:

1. Martin eta Xabier Etxeberria anaiak (Zarautz): Bi anai idazle; elkarrekin 26 liburu argitaratu dituzte. 2018ko Donostiako Zinemaldian aurkeztutako “Margolaria/ The Painter” filman gidoilari gisa aritu dira. Gaur egun, buru-belarri dabiltza beren komiki berriarekin.
www.etxeberriak.com

2. Angel Illarramendi (Zarautz): Ibilbide oparoa du Zarauztar konpositore eta musikagile zarauztarrak. Sormen diziplina anitzetarako sortu izan du musika; besteak beste, antzerkirako, zinemarako edota telebistarako. Aitorpen ugari jasotakoa da Illarramendi, baita izendapen eta sari asko eskuratutakoa ere.
www.illlaramendi.com

3. Eneko Balerdi (Aia): Irakasle, dantzari, zuzendari eta koreografo aiarra. 2019.urtean Espainiako Arte Eszenikoen Max sarietan gizonezko dantza interpreterik onenaren saria jasotzeko hautagaia izan da.

4. Juan Mari Tolin (Zarautz): Freelance argazkilaria da eta nazioarteko hainbat mediorekin kolaboratzen du; besteak beste, “La gazzetta dello sport” egunkari italiarrarekin eta “Sprint Cycling Magazine” aldizkariarekin. Zenbait txirrindularitza talde profesionalen webguneetarako ere egin ohi du lan. 2018. urtean 20 txirrindulariren bizipenak jasotzen dituen “Emoción” izeneko liburua kaleratu zuen.
www.tolin.es

5. PAO PAO Elkartea (Urola Kosta): PAO PAO Urola Kostako komunikazioaren eta arte grafikoen sektoreko enpresa talde batek osatutako elkartea da.

6. Maialen Sarasua (Orio): Zinemagintza nahiz ikus-entzunezkoetan lanean dihardu 2005az geroztik. Editore eta muntatzailea izatez gain, zenbait film labur idatzi eta zuzendu ditu. Azken urteetan parte hartu duen proiektuei begira, ondorengoak azpimarratu genitzake:
i. Zinemagintza: “Bati, Bi, Hiru…”, “Zubi bat”, “Bajo la piel de Lobo”, “La Substancia”
ii. Antzerkia: “Giltzadun etxea”
iii. Animazioa: “Yoko” telesaila eta “Pixi Post” film luzea

7. Las Cosas de Valen (Zumaia): Valentina Palmeroren proiektu pertsonal bat da “Las Cosas de Valen”. Bere bidaiak, aldaketak eta estimuluak oinarri hartuta, Palmeroren bizitza islatzen du proiektuak. Banan-banan eta piezaz- pieza osatutako erabilera anitzeko artisau eran diseinatuta eta ekoitzitako osagarriak ekoizten ditu Palmerok.

Argibideak eta izen-ematea

Udal Elkartetik eskualdeko artista eta sortzaile guztiei egin nahi zaie gonbita; ekimenean parte hartu eta saioetarako aurrez izena eman dezaten. Izan ere, aipatutako aurkezpenez gain, eskualdeko sektoreko eragile guztiei zabaldu nahi zaie esperientzien elkartrukean parte hartzeko aukera. Gutxieneko bat osatuz gero, Irungo saiora joateko autobusa antolatuko du Urola Kostako Udal Elkarteak.

Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, idatzi e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:

Enpresentzako Zerbitzuak (Idoia Etxarri, Eli Uzkudun)
enpresa@urolakosta.eus
Tel. 943890808