Ostegunean banatuko da UEMAren berripapera Orioko postontzietan, festetako Karkararekin batera

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak urtean bi aldiz paperean argitaratzen duen aldizkariaren zenbaki berria kalean da. UEMAko kide diren udaletako etxe guztietara banatzen da Berripapera, eta 108.000 aleko tirada du. 2019ko ekaineko zenbakia da argitaratu berri dena, eta ostegun honetan banatuko da, San Pedro jaietako programa jasotzen duen ekaineko Karkara aldizkariarekin batera.

Lau urteko agintaldiaren balantzea

2019ko ekaineko zenbaki honetan, amaitu berri den agintaldiko lau urteen balantzea da gai nagusia, aurrera begirako erronkekin batera. Horiez gain, UEMAk sortutako Iñaki Arregi bekaren lehen deialdia, gazteak kontzientziatzeko hezkuntza proiektua edota UEMAk Korrikarekin hartutako konpromisoak ere hizpide dira Berripaperaren orrialdeetan, hainbat albiste laburragorekin batera. Hemen irakur daiteke, osorik:

UEMAren Berripapera, 49. zenbakia (PDFan).