Egoitz Dorronsoro gaztea izango da Euskaraldiaren dinamizatzailea Orion eta Aian

Euskaltzaleen Topaguneak kontratatu du, lan erdiz, Udal Elkartearekin sinatutako hitzarmenari esker.

Topaguneak eta Urola Kostako Udal Elkarteak euskararen normalizazioa sustatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute eta horren aurkezpena egin zuten atzo Zarautzen, Udal Elkartearen egoitzan. Aurkezpen-ekitaldian parte hartu zuten, baita ere, Lourdes Salsamendi Udal Elkarteko presidenteak eta Kike Amonarriz Topaguneko presidenteak, biak ere kargua hartu berriak.

Hitzarmen horri esker Topaguneak hiru dinamizatzaile hartu ditu, eskualdean Euskaraldia dinamizatzeko: Egoitz Dorronsoro, Orio eta Aiarako; Alazne Aizpurua, Zarautzerako; eta Sara Saizar, Zumaia eta Getariarako. 15 hilabeteko kontratua egin zaie hiru gazteei: 2019ko urrian hasi eta 2020ko abenduaren bukaera arte.

Lankidetza, oinarri

Kike Amonarrizek lankidetzaren balioa azpimarratu zuen aurkezpenean: “Lankidetzaren bidez lortuko dugu egiazki jauzi kualitatiboak ematea euskararen normalizazioan. Euskaraldiarekin bat etorriz, erakundeak, herritarrak, enpresak eta elkarteak bildu eta elkarlanean arituz lortuko dugu helburua”.

Euskaraldiko herriko batzordeen garrantzia nabarmendu zuen Amonarrizek. “Sinisten dugu euskararen normalizaziorako prozesuak erakundeen babesa beharrezkoa duela, baina aurrera begira, benetako urratsak eman nahi baditugu, ezinbestekoa dena, benetan, herritarren aktibazioa da”.

Euskararen erabilera sustatu

Lourdes Salsamendi Udal Elkarteko presidenteak, berriz, azaldu zuen administrazioak, baliabide ekonomikoak eskaintzeaz haratago, herriko eragileekin batera parte hartu behar duela herriz herri sortutako taldeetan.

Nolanahi ere, adierazi zuen batzordeek beren jardunerako behar dituzten baliabide eta tresna guztiak eskura jarriko dizkietela. “Euskaraldiak euskararen erabilera sustatzea du helburu eta, pausoz pausoz, euskara esparru gehiagotara zabaltzen joatea. Helburu horrekin bat egiten dugu guztiz, eta hori da, hain zuzen ere, Topagunearekin hitzarmen hau sinatzera eraman gaituena”, gaineratu zuen Salsamendik.

Norbanakotik kolektibora

Agerraldian, Euskaraldiaren bigarren edizioaren ezaugarriak azaldu zituzte: alde batetik, iaz bezala, ahobizi eta belarriprest rolak ardatz izanda, hiztunen arteko komunikazio guztietan ohiturak aldatzeko proposamena; eta bestetik, norbanakotik kolektibora jauzi egin eta euskaraz aritzeko guneak sortu eta elikatzea. Horretarako, euskaldun eta euskaltzaleak aktibatzearekin batera, entitateekin ere modu sakonagoan lan egitea da Euskaraldi berriaren asmo nagusia.

Iaz, Urola Kostako herrietan ia 9.000 lagunek parte hartu zuten Euskaraldian: Aian, 208; Orion, 1.487; Zarautzen, 4.553; Getarian, 455 eta Zumaian, 1.952; eta herri guztietan sortu ziren batzordeak.