Errenta-aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu dute UEMAk eta Orioko Udalak

Traducción automática al castellano

Urtero bezala, Orioko Udalak eta UEMAk kanpaina egingo dute elkarlanean, herritarrek errenta-aitorpena euskaraz egitea bultzatzeko.

Aurrez aurreko hitzorduak bertan behera geratu dira alarma-egoeraren eta osasun-larrialdiaren ondorioz; baina, hala ere, errenta-aitorpena euskaraz egiteko kanpainarekin aurrera egingo dute UEMAk, udalek eta hainbat erakunde publikok, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian.

Aldundiaren erronka: 100.000 zergadun Ogasunarekin euskaraz

Gipuzkoako Foru Aldundiak, aurten, egitasmo hau abiaraziko du: «100.000 zergadun ogasunarekin euskaraz». Lau urteko egitasmo bat da eta, epe horren bukaeran, hauxe lortu nahi dute: Ogasunarekin euskaraz egitea aukeratu duten gipuzkoarren kopurua 100.000 lagunera iristea.

Egitasmo horren baitan, «Ogasunarekin euskaraz» logoa gehituko dio Orioko Udalak kanpainarekin lotutako euskarri guztiei, UEMAko Gipuzkoako gainerako herrietan bezala.

Aldundiarekin dauzkaten harremanetan euskara lehenetsi nahi duten herritarrek dokumentu honetan daukate azalduta nola egin eskaera:

Aldundiarekin euskaraz (PDF)

Autolikidazioa onartzean, eskatu euskaraz izatea

Herritarren gehiengo handi batek autolikidazio-proposamena jasotzen du gaur egun. Autolikidazioa onartzerakoan (telefonoz deituta edo internet bidez), euskaraz nahi duzula esanez gero, hortik aurrera hala etorriko zaizkizu Ogasunarekiko komunikazioak, zuk besterik erabaki arte.

Urtez urte gehiago

Herritar gero eta gehiagok egiten du errenta-aitorpena euskaraz; baina, oraindik ere, askoz gehiago dira gaztelaniaz egiten dutenak. Udalaren asmoa da urtez urte datu horiek hobetzen joatea. Iazko kanpainan, esaterako, 851 oriotarrek egin zuen aitorpena euskaraz, inoiz baino gehiago.

2009

Orion euskaraz egindako aitorpenak: 308 (%11).

2010

Orion euskaraz egindako aitorpenak: 399 (%13,98).

2011

Orion euskaraz egindako aitorpenak: 429 (%14,68).

2012

Orion euskaraz egindako aitorpenak: 474 (%16,40).

2013

Orion euskaraz egindako aitorpenak: 570 (%19,28)

2014

Orion euskaraz egindako aitorpenak: 650 (%21,75)

2015

Orion euskaraz egindako aitorpenak: 715 (%23,98)

2016

Orion euskaraz egindako aitorpenak: 752 (%24,92)

2017

Orion euskaraz egindako aitorpenak: 840 (%27,20)

2018

Orion euskaraz egindako aitorpenak: 851 (%26,94)

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.