ETXEALDITIK EUSKARALDIRA ekimena: euskararen erabilera sustatzen itxialdian

Euskalgintzako eragileek eta euskal herrietako administrazioek elkarlanean antolatzen duten EUSKARALDIAren barruan, ekimen berezi bat jarri dute martxan konfinamendu-egun hauetarako: ETXEALDITIK EUSKARALDIRA.

Kontua da aprobetxatzea etxean egon beharreko egun hauek, gure hizkuntza-ohiturei buruz gogoeta egiteko eta ahalegina egiteko euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko.

Maiatzaren 3ra arte, egunero aholku bat jasoko dute herritarrek, praktikan jarri eta beren hizkuntza-ohituretan aldaketa eragiteko. Apirilaren 25erako, esaterako, hau proposatu dute: «Bildu lagunak eta egin pintxopote birtuala euskaraz».

ETXEALDITIK EUSKARALDIRA ekimenean parte hartzea sustatu nahi du Udalak, eta herritarrei eskatzen die adi egoteko egunero sare sozialetan zabalduko diren mezuei.

Hona hemen ETXEALDITIK EUSKARALDIRA ekimenaren berri emateko zabaldutako mezua:

Ohitura aldaketa etxean hasten da

Elkar ikustea, besarkatzea, ukitzea ia ezinezkoa zaigun honetan, inoiz baino ageriago gelditu zaigu elkarren beharra daukagula: elkarrekin komunikatzeko beharra, hitz egiteko beharra. Horregatik, COVID-19 koronabirusak eragindako alarma egoeran bizitzea tokatu zaigun etxealdian inoiz baino gehiago hitz egiten ari gara elkarrekin, bai zuzenean etxean ditugunekin, eta baita teknologiaren bitartez, lagun, ezagun eta ezezagunekin ere.

Komunikatzeko, hitz egiteko, elkarrekin aritzeko behar horren oinarrian, hizkuntza dago. Horregatik, proposamena dugu zuentzako: hasiko gara hizkuntza ohiturak etxetik aldatzen?

Apirilaren 20tik maiatzaren 3ra etxean eta etxetik ditugun harremanetan (gertukoekin ditugun harreman horietan) ditugun hizkuntza portaerak aztertu eta horiek aldatu edo finkatzeko ariketa da proposatzen dizuguna. Horrela etxetik hasiko gara prestatzen azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dugun Euskaraldia, euskara gehiago, gehiagorekin, gehiagotan erabiltzeko.

Animatu eta parte hartu!

udaletxekopuntua20