Selma Huxley historialaria hil da

Selma Huxley historialaria atzo hil zen, Londresen, 93 urte zituela. Selma Huxley-k bere bizitza akademiko guztia pasatu zuen Euskal Herriko arrantzaleek Ternua inguruan utzitako arrastoak-eta aztertzen. Lan hori dela eta, harreman zuzena izan zuen Orioko Udalarekin hainbat alditan, eta gure arrantzale eta baleazaleei buruzko dokumentazio ugari topatu zuen Oñatiko artxiboan.

Udalak dolumin sentituenak eman nahi dizkie Selma Huxley-ren etxekoei, eta, bide batez, eskertu urte horietan guztietan egindako lan handia. Orioko herriak asko zor dio Selma Huxley-ri.

Orioko baleazaleak eta bakailao-arrantzaleak aztertzen

1956an etorri zen Euskal Herrira lehenengo aldiz. Ordurako Kanadan bizi zen, eta hasita zegoen Ternua inguruko itsasaldearen eta Euskal Herriaren arteko harremanak ikertzen. Azterlan horretan ari zela, Euskal Herrira etorri zen, eta Oñatiko Gipuzkoako Protokoloen Artxiboan dokumentu asko aurkitu zituen, XVI. eta XVII. mendeko euskal arrantzaleei buruzkoak. Orioko udaletxeko udalbatzarraren aretoan erreproduzituta dauden Joanes Etxanizen eta Juan Martinez de Larrumeren testamentuak berak aurkituak dira, besteak beste, eta Ameriketako testu idatzi zaharrenen artean daude.