Muntoko haur-parkearen ingurua egokitu du Udalak, erabilgarriago izateko

Udalak balioa eman nahi dio Muntoko haur-parkearen inguruari, oso toki aproposa delako jolas bideraturako zein librerako: ibai ertzean dago, toki eguzkitsua da baina itzala ere badu, berdegune ederra dauka…

Hori dela eta, Udalak piknik-gunea antolatu du bertan eta, horrez gain, Muntoko ibilbidea eta aparkalekua lotzen dituen oinezkoen pasabidea konpondu du.

Udalak lau mahai jarri ditu, garai batean autopistako zubiaren azpian zeudenen antzekoak, herritarrek eta bisitariek erabiltzeko. Mahaiak tirolinaren parkearen ondoko berdegunean jarri dira eta edozeinek erabil ditzake.

Oinezkoen pasabidea

Gero eta jende gehiagok erabiltzen du pasabide hori, Muntoko ibilbidetik herri barrura joateko, eta orain arte ez zegoen egoki irisgarritasunaren aldetik. Udalak zoladura-mota aldatu du eta askoz erosoago dago orain ibiltzeko.

Ingurua garbi mantentzeko deia egiten du Udalak

Udalak eskatzen die eremu horren erabiltzaileei txukun mantentzeko inguruak. Guztiok hartzen badugu ardura ingurua «gutxienez, aurkitu dugun bezain garbi» uztekoa, arazorik ez da izango gai horrekin.

Bestalde, bertan badaude hondakinak sailka jasotzeko ontziak eta horiek behar bezala erabiltzeko deia egin du Udalak.

pasabidea20