Aho batez onartu du Urola Kostako Udal Elkarteak enpresa eta autonomoentzako zabor tasaren bonifikazioa eta ehun ekonomikoaren EPIak kofinantzatzeko laguntza-lerroa

Covid 19aren ondorioz itxi behar izan dituzten jarduera guztiei 2020ko 2., 3. eta 4. hiruhilekoetako zabor tasa bonifikatuko zaie. 2020ko bigarren hiruhilekoa %100ean bonifikatuko da, eta hirugarrena eta laugarrena %50ean. 1.450 enpresari eragingo die neurriak.

Bestalde, enpresa, autonomo, merkatari edo ostalariek ireki ahal izateko egin beharko dituzten segurtasun- eta prebentzio-neurri sanitarioak betetzeko inbertsioak kofinantzatuko dira: eskularruak, maskarak, EPIak, gel hidro-alkoholikoa, manparen ezarpena… 400.000 euro bideratuko dira funts honetara. 800 bat enpresek baliatuko dute honako laguntza.

Laguntza horiek eskatzeko epea datozen asteetan zabalduko da.

Dirulaguntza-lerroa, ehun ekonomikoa berraktibatzeko

Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko ehun ekonomikoan koronabirusak izan duen eragina arintzeko eta berraktibazio fasean laguntzeko dirulaguntza-lerroa onartu du. Lehen lerro hau osatzen duten bi neurriak eskualdeko bost herrietako udal-ordezkarien proposamen eta ekarpenak jaso eta eragileen iritzia jakin ondoren sortu da. Herri guztietako ordezkari politikoen babesa jaso du.

Lourdes Salsamendi lehendakariak eta Oier Korta lehendakari-ordeak prentsa agerraldia egin dute, hartutako neurriak azaltzeko.

Informazio gehiago Udal Elkartearen webgunean.