Herriko dendak suspertzeko erosketa-bonuak jarriko ditu salgai Udalak, asteazkenetik aurrera

Kultur Etxean erosi ahal izango dira erosketa-bonuak. 40 euroren truke 60 euroko erosketa egin ahal izango dute herritarrek COVID-19ak kaltetutako establezimenduetan.

Alarma-egoeraren ondorioz kaltetu diren denda eta zerbitzuei laguntza ematea da erosketa-bonuen helburua. Pertsona bakoitzak bonu bakar bat erosi ahal izango du: 40 eurotan erosiko du eta, gero, bonu horrekin, 60 euroko gastua egin ahal izango du ekimenean parte hartzen duten dendetan (ez du zertan dena denda bakar batean gastatu behar; aukera izango du 15 euroko lau erosketa egiteko). Udalak 20 euro jarriko ditu saltzen den bonu bakoitzeko, horretarako sortu duen partida berezitik ordainduko direnak.

Udalak, guztira, 1000 bonu jarriko ditu salgai kultur etxean, ekainaren 3tik aurrera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.

Bonuak erabiltzeko epea ekainaren 30era artekoa da.

Dendek izena emateko epea

Kanpaina honetan parte hartu nahi duten dendek eta zerbitzuek eskabidea aurkeztu beharko diote Udalari, eta ekainaren 5a izango dute horretarako azken eguna.

Denda eta zerbitzu hauek izango dute aukera kanpainan parte hartzeko:

  • Martxoaren 14an deklaratutako alarma-egoeraren ondorioz itxi egin behar izan zutenak.
  • Nahiz eta establezimendua nolabait irekita eduki, apirileko fakturazioan %75eko jaitsiera izan dutenak (erreferentzia gisa, 2019ko urritik 2020ko martxora arteko batez besteko fakturazioa hartuko da kontuan).

Parte hartzeko, denda eta zerbitzuek eskabide hau bete eta aurkeztu behar dute Kultur Etxean edo posta elektronikoz, turismoa@orio.eus helbidera bidalita.

Ekimenean parte hartzen duen establezimendu bakoitzak 60 euroko 20 bonu trukatu ahal izango ditu, ekimenaren helburua baita ahalik eta denda gehienek parte hartzea.

Erosketa-bonuen kanpaina arautzen duten oinarriak hemen daude irakurgai.