Herriko bi autokarabana-guneak irekita daude dagoeneko

Udalak bi autokarabana-gune prestatu ditu herrian: bat autopista azpian eta bestea Ortzaika auzoan. Gaur bertan ireki dituzte bi gune horiek eta, beraz, erabilgarri daude dagoeneko.

Autopista azpiko autokarabana-gunea

Autopista azpiko guneak 18 plaza ditu. Ur-hartunea du eta baita ur zikinen hustubidea ere. Inguruan komun publikoa du, erabilgarri; eta Udalak hiru edukiontzi jarri ditu bertan: errefusa, beira eta ontziak jasotzeko. Udako hilabeteetan eguneko TAOa ordaindu beharko dute erabiltzaileek eta gainerako hilabeteetan, berriz, doan izango da.

Ortzaikako gunea

Ortzaika auzoko autokarabana-guneak, berriz, 10 plaza ditu. Inguruan dauka auzoko hondakin-gunea, edukiontzi guztiekin eta errio ondoko iturria ere bertatik bertara dauka. Gune hau doanekoa izango da urte osoan.

Erabiltzeko arauak

Udalak seinale bana jarri du bi guneetan, erabiltzaileek jakin dezaten zein diren erabilera-arauak.

Nagusiki, hauek dira:

  • Eremu horiek autokarabanak aparkatzeko dira bakarrik.
  • Aparkatzeko denbora mugatu egin du Udalak: gehienez, 2 gau eta 3 egun.
  • Sartzeko eta ateratzeko orduak hauek izango dira: 07:30 – 20:00.
  • Erabilera hauek debekatuta daude: eremuan materialak uztea, mahai-aulkiak jartzea eta kanpoan jatea.
  • Erabiltzaileek txukun mantendu beharko dute ingurua eta hondakinak behar bezala birziklatu.