Udan hondartza erabiltzeko neurriak zehaztu ditu Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean

COVID-19ak sortutako osasun-krisiak udako denboraldiaren antolaketan ere izango du eragina, eta Udalak hainbat neurri hartu ditu hondartzaren erabilera arautzeko eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.

Antilla hondartza «dinamikoa» izatea erabaki zuen Udalak maiatzaren bukaeran, deskonfinamenduan geundela, herritarren segurtasuna bermatzeko. Orain, ordea, egoera aldatu da eta ekainaren 19an bukatuko da EAEn deskonfinamendua eta hasiko da «normaltasun berria». Normaltasun berrian hondartza ez da dinamikoa izango eta, beraz, herritarrek aukera izango dute bertan eguzkia hartzen egoteko. Nolanahi ere, Udalak eta Aldundiak hainbat neurri adostu dituzte, egoera berri honetan ere hondartza segurtasunez erabili ahal izateko.

Foru Aldundiarekin elkar lanean egin du neurri horien lanketa Orioko Udalak, helburu argi honekin: hondartzaren erabilerak eta eremuaren masifikazioak sortu dezakeen kutsatzeko arriskua ahalik eta gehien gutxitzea.

Hondartzaren erabilera arautzeko hartu diren neurri nagusiak hauek dira:

  • Aforoa kontrolatuko da (uztailaren 1etik aurrera)
  • Sarrera-irteerako tokiak mugatuko dira
  • Egonaldiak 2-3 ordukoak izatea gomendatzen da
  • Elkarren arteko distantziak zaindu beharko dira
  • Dutxak eta komunak irekita izango dira, garbiketa-neurri bereziekin

Hondartzan egoteko eremua, mugatuta

Udalak mugatu egingo du hondartzan egoteko eremua (ikusi goiko irudia). Marea goraren marra balizatuko da eta hortik duna-eremura arteko gunea izango da hondartzan egoteko eremua. Balizatutako marratik itsasora arteko eremua, berriz, paseatzeko izango da.

Aforoaren kontrola

Aforoa kontrolatzeko, hondartzan instalatutako kamera biometrikoak erabiliko dira. Kamera horiek emandako datuak mugikorrerako app baten bidez kontsultatu ahal izango dira eta, hartara, erabiltzaileek une oro jakingo dute hondartza dagoeneko beteta dagoen (semaforo gorria), betetzen ari den (semaforo horia) ala lasai erabiltzeko moduan dagoen (semaforo berdea).

Semaforoa gorri jartzen denean, galarazi egingo da hondartzara sartzea eta, beraz, erabiltzaileek itxoin egin beharko dute, gutxienez bi orduz, berriro hori edo berde jarri arte.

Erabiltzaileen sarrerak eta irteerak kontrolatzeko, hainbat sarrera itxi egingo ditu Udalak. Hondartzara sartzeko, bi alboetako sarrera nagusiak erabili beharko dira: errio aldekoa eta mendi aldekoa. Sarrera bakoitzaren ondoan, eskuak-eta desinfektatzeko karpa bat jarriko da. Malekoiaren erdiko bi sarrerak eta gainontzekoak hesituta egongo dira eta ezin izango dira erabili. Gurutze Gorrikoen postuaren ondoko sarrera ere itxita izango da herritarrentzat, eta sorosleek eta surflariek bakarrik erabili ahal izango dute.

Hondartza aurreko berdegunea

Hondartza aurreko berdegunearen aforoa ere mugatuko egingo du Udalak. Horrez gain, eremu bat erreserbatu du, errio aldeko berdegunea, Orioko Barra tabernaren ondokoa, adinekoek eta mendekotasuna dutenek lehentasunez erabiltzeko. Lehentasun hori adierazten duten kartelak jarri ditu Udalak dagoeneko eremu horretan.