Aspaldiko San Pedro egunik bereziena da gaurkoa

COVID-19ak sortutako osasun-krisia dela-eta, Udalak ez du aurten San Pedro jaietako programarik antolatu, arduragatik eta herritarren segurtasuna zaintzeagatik. Aurtengoa, beraz, aspaldiko San Pedro egunik arraroena izango da, kaleko festarik gabe eta ospakizunik gabe.

Nolanahi ere, argazkian ikusten den bezala, Udalak herriko bandera eta ikurrina zintzilikatu zituen atzo udaletxeko balkoian, urtero egiten duen bezala, herritarrei gaur San Pedro eguna dela gogorarazteko. Banderak bertan izango dira San Pedro bigarrenera arte.

Horrez gain, gaur eguerdian etxafuegoa botako du Udalak udaletxetik eta korporazioko kide batzuek San Pedro eguneko meza nagusian parte hartuko dute.

Udalak osasun-agintariek emandako aholkuei kasu egiteko eta elkar zaintzeko eskatzen die herritarrei, guztion segurtasuna bermatzeko.