Orioko ikasle gazteak errefortzu-eskolak jasotzen ari dira uztailean, euskara-maila indartzeko

Udaleko Euskara batzordeak antolatuta, errefortzu-eskolak jarri dira abian aurten ere, ikasle etorriberrien euskara-maila hobetzeko.

Hamaikagarren urtea da Udalak errefortzu-eskola hauek antolatzen dituela udan, eta ikastetxeek ondo baloratzen dute zerbitzua. Aurten, gainera, konfinamenduak areagotu egin du errefortzu-eskola hauen premia etxean euskararik jasotzen ez duten ikasleengan. Hori dela eta, Udalak ahalegin handiagoa egin du eta inoiz baino gazte gehiagori ematen ari zaio zerbitzua: iaz bi taldek jaso zituzten errefortzu-eskolak, eta aurten, berriz, bost talde dabiltza: 45 gazte, guztira (iaz, esaterako, 16 ziren).

Astean hiru orduz hartzen dituzte klaseak, goizean. Herriko bi eskoletako haurrak ari dira parte hartzen, taldetan banatuta, adinaren eta euskara-mailaren arabera. Uztaila osoa emango dute horretan, Ane Bobadilla irakaslearen esanetara.

Osasun- eta segurtasun-neurriak hobeto betetzeko, aurten kultur etxeko areto nagusian jasotzen dituzte gazteek errefortzu-eskolak, toki zabalean distantziak ondo zaindu ahal izateko.

Argazkian bi taldetako ikasleak ageri dira.