Lasaitasunerako deia egin du Udalak, azken aldiko COVID-19 positiboak direla eta

Azken egunotan COVID-19a detektatzeko PCR probatan Orion azaldu diren positiboak direla eta, ezinegona eta kezka sortu da herritarren artean eta, horren aurrean, Udalak lasaitasun-mezua transmititu nahi du.

Udalak eta Txurrumuski aisialdi-ekarteak antolatutako «Udan Elkar Zaintzen» programako begirale batek positiboa eman du COVID-19aren Zarauzko agerraldia dela-eta egindako PCR probetan. Horren ondorioz, Osakidetzak PCR probak egiten ari zaizkie begirale guztiei eta positiboarekin harreman zuzena izan duten haurrei. 12 begiralek jaso dute dagoeneko probaren emaitza eta guztiek negatibo eman dute. Haurrei egindako probetan ere negatibo eman dute orain arteko guztiek. «Udan Elkar Zaintzen» programa antolatzerakoan, Udalak eta Txurrumuskik oso kontuan izan zuten horrelako egoera gertatu zitezkeela eta, horregatik, ondo trazatu ahal izan dituzte gaixotasuna kutsatzeko arriskua zuten pertsonak. Hori dela eta, Osakidetzak kutsatzeko arriskua zutenak bakarrik deitu ditu proba egitera. Proba egiteko deia jaso ez duten haurren gurasoak, beraz, lasai egon daitezke.

Bestalde, hondartza inguruko taberna bateko zerbitzari batek ere positibo eman du probetan. Taberna dagoeneko itxita dago eta Osakidetza ari da zerbitzariarekin harremana izan duten pertsonen segimendua eta probak egiten. Dagoeneko pertsona horrekin harreman zuzena izan duten 11 laguni egin zaio proba eta guztiek negatibo eman dute. Nolanahi ere, tabernako langileak isolatuta daude etxean, prebentzioagatik. Osakidetzak baloratuko du proba gehiago egiteko premia, ezarrita dauzkan protokoloen arabera, eta, oraingoz, ez du aurreikusten tabernan bezero izan diren herritarrei probarik egitea. Beraz, Udalak eskatzen die herritarrei lasai egoteko eta ez egiteko kasu sare sozialen bitartez zabaltzen ari diren mezu alarmistei.