Futbol-zelaitik kendutako belar artifiziala doan emango die Udalak eskatzen duten herritarrei

Eskaera egiteko epea zabalik da dagoeneko eta asteazken honetan, irailak 16, itxiko da, eguerdian.

Orioko elkarteek eta edozein oriotarrek izango du aukera eskaera egiteko, albiste honen beheko botoian klik eginez zabalduko den formularioa beteta. Bertan adierazi behar da nork egiten duen eskaera, kontaktatzeko telefono eta e-mail bat, eta bakoitzak zenbat metro belar behar dituen.

Behin eskaera eginda, norberak joan beharko du belarra jasotzera futbol-zelaira, ostegun edo ostiral honetan, ordutegi honen barruan:

  • Ostegunean: 08:00 – 11:00
  • Ostiralean: 11:00 – 14:30

Udal-brigadako langileak bertan egongo dira laguntzeko, baina materialaren garraioa norberaren kontu izango da.

Belar berria jarriko du Udalak

Udalak belar artifizial berria jarriko du Mendibeltz futbol- eta softbol-zelaian eta, horretarako, zaharra kendu du dagoeneko. Belar artifizial zaharra botatzeko partez, Udalak erabaki du doan eskaintzea erabili nahi duten herritarrei, zenbait erabileratarako egokia izan daiteke-eta. 1,85 metro zabaleko biribilkitan dago belarra eta eskaeragile bakoitzak nahi adina metro eskatu ditzake. Ondoren, eskaera guztiak jaso eta gero, Udalak erabakiko du banaketa nola egin: eskaera guztiak asetzeko adina material baldin badago, eskatutakoa emango zaie guztiei; bestela, moldatu egin beharko da.

Belar artifizialaren eskaera egiteko momentuan, eskarigileak konpromisoa hartu behar du materialaren erabilera egokia egiteko eta, erabili ondoren, behar bezala birziklatzeko.

egineskaera20