Asteartean bukatu zen aurtengo hondartza-denboraldia

Joan den irailaren 15ean bukatu zen 2020ko hondartza-denboraldia, eta, beraz, etenda dago dagoeneko hango sorosle-zerbitzua. Hondartzako sarrerak kontrolatzeko semaforo-sistema ere bertan behera geratu da eta dagoeneko kenduta daude sartu-irteerak bideratzeko jarrita zeuden hesiak eta kartelak.

Hondartza-denboraldia bukatu den arren, eguraldi ona dugu egunotan eta, hori dela eta, Udalak egoki ikusi du ohar hau argitaratzea, herritarrei gogorarazteko soroslerik ez dagoela hondartzan eta, beraz, kontu handiz ibili behar dutela bainatzea erabakitzen badute. Bestalde, uda osoan bezala, Udalak jende-pilaketarik ez sortzea eskatzen die hondartzaren erabiltzaileei, COVID-19a dela eta, kutsatzeko arriskua gutxitzeko.