Indarkeria politikoak eragindako eskubide-urraketak aztertuko ditu Aranzadik Orion, gerra zibilaren garaitik hasi eta gaur egun arte

Traducción automática al castellano

Orioko Udalak eta Herritarren Foroak hala adostuta, herrian izandako giza eskubideen urraketak aztertuko ditu Aranzadi elkarteak datozen hilabeteotan. Azterketa horren bidez, gertatutakoa argitu eta herritarren testigantzak bildu nahi dituzte. Indarkeria politikoak min eta sufrimendu asko eragin ditu gure herrian ere eta gai hori landuko du Aranzadi elkarteak, «gertatu dena ezagutzeko».

Aranzadiren azterketak bi aldi hartuko ditu: batetik, gerra zibilean eta ondoko bi hamarkadetan (1936-1959) izandako giza eskubideen urraketak (memoria historikoa) eta, bestetik, 1960tik gaur arte izandakoak (gertuko memoria). Horrelako azterketak egin dira beste herri batzuetan ere azken urteotan, baina lehenbiziko aldia da bi aldi horiek batera aztertuko direna.

Memoriaren Bulegoa

Informazioa eta jendearen bizipenak jasotzeko, bulego bat jarriko du Aranzadik kultur etxean, urriko eta azaroko lau asteazkenetan:

  • Urriak 21
  • Urriak 28
  • Azaroak 4
  • Azaroak 11

Bulegoa irekita izango da egun horietan 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Telefonoz edo emailez ere kontaktatu ahal izango dute herritarrek Memoriaren Bulegoarekin: 943 466 142 / memoria@aranzadi.eus

Hitzaldiak

Gaiari buruzko bi hitzaldi ere antolatu dituzte Udalak eta Herritarren Foroak, Aranzadiren laguntzarekin: bata datorren asteazkenean eta bestea hurrengoan:

  • Irailak 30, 19:00etan, kultur etxean: «Errepresioa genero-ikuspegitik». Hizlaria: Lourdes Herrasti, Historian doktorea EHUn eta Aranzadiko kidea.
  • Urriak 7, 19:00etan, kultur etxean: «Biktimen politikak: azterketa kritikoa». Hizlaria: Jon Mirena Landa, EHUko Zuzenbide Penaleko katedraduna.

Hitzaldietan parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik, 685 720 032 telefonora deituta.

Prentsaurrekoan esandakoak

Azterketaren berri atzo arratsaldean eman zuten prentsaurrekoan Udaleko eta Herritarren Foroko ordezkariek eta Aranzadiko Javier Bucesek.

Aurrena, Anuska Esnal Oliden alkateak hartu zuen hitza, Udalaren izenean, herriko alderdi politiko guztietako ordezkariak ondoan zituela. Hauek izan ziren bere hitzak:

2012an, orduan Udalean zeuden alderdiek adostuta, «Orioko bizikidetza eta giza eskubideen egoeraren diagnostikoa eta plana» egin ziren. Hurrengo urtean, 2013an, indarkeriak Orion eragindako giza eskubideen urraketen lanketa egitea erabaki zuten. Alderdietako kideek gai horren inguruan modu babestuan hitz egiteari ekin zioten.

Ibilbide horren baitan, herritarrei ere elkarrekin hitz egiteko aukera ematea erabaki zuen Batzorde hark, eta, hartara, «Herritarren Foroa» sortu zen. Urte hauetan guztietan hainbat pertsona pasatu da Foro horretatik, eta beren bizipenak partekatu eta indarkeriak eragindako sufrimenduen inguruan hitz egiteko aukera izan dute.

Orain, bai Herritarren Foroko kideek eta bai politikarien mahaiak Orion gertatu dena zehatz-mehatz ezagutzeko beharra agertzen dugu, ezagutzen ez diren egoeretara gerturatu eta horien berri izateko beharra. Hori dela eta sortu zen, iaz ikerketa hau egiteko ideia.

Udalean gauden alderdi guztien adostasunarekin, pausoa eman eta Aranzadi Zientzia Elkarteari eskatu diogu 1936tik gaur egun arte izandako giza eskubideen urraketen azterketa egiteko, nazioarteko legeriak eskatzen dituen irizpideak jarraituz.

Ikerketa horren bidez, bizi izan diren sufrimendu guztietara gerturatzeko aukera izango dugu. Norbanakoak berak badaki zer egoera bizi izan duen. Batzuek dagoeneko partekatu izan duzue, beste batzuek, agian, isiltasunean daramazue. Ikerketa honetan, bakoitzak bere testigantza emateko aukera izango du, berea azaltzeko. Eta ikerketa honek, besteena ezagutzeko aukera ere emango digu. Urte hauetan guztietan isilpean igarotako era askotako sufrimenduak jasoko baititu.

Gainera, ikerketaren beste funtzio nagusia memoria egitea izango da, Orion bizi izandakoa jasotzea, gordetzea, protagonisten bizipenen testigantza biltzea eta ziurtatzea hau guztia ez dadila ahaztu. Gainera, belaunaldi berrientzat ere garrantzitsua da herrian bizi izandakoaren berri izatea, eta, horretarako, pauso hau ematea, ikerketa egitea, oso garrantzitsua da.

Nazioarteko araudiak dioen moduan, biktima guztiek dute egia, justizia eta erreparazioaren eskubidea. Udalaren eginbeharren artean daude erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak jartzea, eta, horretarako, ezinbestekoa da egia jakitea. Gaurkoan pauso hori eman nahi dugu. Ikerketa honen bidez, gure herrian gertatutakoak jaso nahi ditugu.

Eta, horretarako, ezinbestekoak zaituztegu. Zuek oriotarrak, zuen bizipenak partekatzea nahiko genuke. Badakigu zuen aldetik eskuzabaltasun handia agertuko duzuela testigantza ematerakoan. Orain zuen historia eta lekukotza behar ditugu, Orioko historia ahalik eta gehien ezagutu dezagun.

Herritarren Foroa: Jokin Uranga

Ondoren, Jokin Uranga oriotarrak hartu zuen hitza, Herritarren Foroaren izenean, eta hau esan zuen:

Orioko herritar-talde bat gara eta urteak daramatzagu indarkeria politikoak gure bizitzan eta herrian izandako eraginaz hitz egiten. Ezberdinen arteko bizipenak partekatu ditugu eta hainbat egoerez jabetzeko aukera izan dugu. Baina haratago joan nahi dugu, beharrezko ikusi dugu Orioko herritarrek bizitutakoa ezagutzea, gure herrian zer gertatu den jakitea.

Guk bizi izan dugunaz jabetzen gara, badakigu zer den bizi izan duguna, baina gure ondorengoek ere gertatutakoaren berri izatea garrantzitsua eta beharrezkoa ikusten dugu.

Herri gisa aurrera begiratu nahi dugu eta, etorkizuna elkarrekin izan nahi badugu, gaur egun dauden zauriak ezagutzen ditugun heinean sendatzen joan gaitezke. Une honetan, elkarrekin hitz egiteko garaia da, aukera dugu elkarri entzuteko, askotariko sufrimenduez jabetzeko, elkarren mina ezagutu eta gainditzen hasteko. Aukera sortuko da pertsonen jokabideak ezagutu eta ulertzeko (horrek ez du esan nahi jokabide horiek justifikatuko direnik). Gainera, besteen kontakizuna entzuteak eta bestearen sufrimenduak ezagutzeak, enpatizatzeko aukera emango digu. Egia jakin behar dugu, justizia eta aitortzak burutzeko.

Informazio guztia ez dago artxiboetan. Artxiboek informazio hutsa jasotzen dute, datuak, gertakariak; baina datuak hotzak dira, ez dute transmititzen sentimendurik, ezta bizipenen emoziorik ere. Horretarako, lekukotzak behar ditugu, elkarrizketa zuzenak egin eta bizipena partekatu nahi duten guztiei entzun. Horrek sinesgarritasun handiagoa emango dio ikerketari. Gainera, eskubide izateaz gain, aukera ere bada: gure bizipenen berri emateko aukera. Isiltasuna amaitu eta bizi izandakoari ahotsa jartzeko unea da, eta herritarrak protagonista zuzenak izateko.

Herri batek bere historia dauka, eta hori ezagutzea garrantzitsua da, pisuzkoa. Orain aukera dugu historia hori jasotzeko; eta hori egiteko modurik onena bertatik bertara egitea da. Horretarako aukera daukagunez, askoz hobe izango da.

Guretzat, talde bezala, ikerketa hau abian jartzea mugarri eta lorpen handi bat da. Pozik gaude emandako pausoarekin, eta itxaropentsu jasoko den informazioarengatik. Anima zaitezte! Eman pausoa zuek ere.

Aranzadi elkartea: Javier Buces

Azkenik, Javier Bucesek hartu zuen hitza, Aranzadi Zientzia Elkartearen izenean, eta honela eman zion bukaera ekitaldiari:

Lehen entzun duzuen bezala, Orion konpromiso bat dago gertatutakoa ezagutzeko. Ezagutzeko azken 80 urteetako sufrimenduak eta giza eskubideen urraketak.

Beraz, gu, Aranzadi, hemen gaude lan horretan laguntzeko. Nazioartean, giza eskubideei dagokienez, biktima guztiek dute egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea. Gu, Aranzadi bezala, ikerketa historikoaren bidez saiatuko gara gertatutakoa ezagutarazten, egia bilatzen. Hori da gure lana. Justizia eta erreparazioa beste esparru batzuetan daude, baina egiarik gabe, gertatutakoa jakin gabe, biktima horiei izen-abizenak jarri gabe, ezinezkoa da justiziaren eta erreparazioaren beste bi printzipioak lortzea.

Ikerketari dagokionez, bi esparru bereizten ditugu: oroimen historikoa eta gertuko oroimena. Oroimen historikoaren esparruan, 1936 eta 1959 bitartean gertatutakoa eta biktimak ikertuko ditugu, hau da, gerraren eta diktaduraren lehen bi hamarkadetako biktimak. Gertuko oroimenak, bestalde, 1960tik gaur egun arteko garaia hartzen du. Beraz, hiru garai politiko ezberdinetan gertatutakoak aztertuko ditugu: diktaduran, trantsizioan eta demokrazian.

Bi ikerketa horiek batera egingo dira. Horretarako, hainbat artxibotan ikertuko dugu: tokikoak, probintzialak, estatalak eta militarrak, besteak beste. Baina proiektu hau ondo atera dadin, herritarren laguntza behar dugu. Bere testigantzak, bere argazkiak eta bere oroitzapenak ezinbestekoak dira. Horretarako, gurekin harremanetan jartzeko, helbide elektroniko bat eta telefono bat (943 466 142) jarriko dugu. Eta, gainera, «Memoriaren Bulego» bat jarriko dugu martxan eta hor edozein bizilagunek eskatu edo eman ahal izango du informazioa.

Edozein modutan, guretzat garrantzitsua da parte hartu nahi duten pertsonen konfidentzialtasuna errespetatzea. Badakigu oso gertakari eta sufrimendu berriak daudela, eta, horregatik, eskatzen duenaren anonimotasuna errespetatuko dugu. Hala ere, guztiak animatu nahi ditut parte hartzera. Orain garrantzitsuena informazioa eta zuen testigantzak biltzea da, berandu baino lehen. Orain jasotzen ez dena ez da etorkizunean existituko. Gerran gertatutakoarekin esperientzia dugu: testigantza eman zezaketen pertsona asko hil dira dagoeneko.

Bestalde, ikerketa honi hasiera emateko, herritarrak partaide egiteko, bi hitzaldi eskainiko ditugu irailaren 30ean eta urriaren 7an. Lehenengoa Lourdes Herrasti historia garaikideko doktore eta Aranzadiko kideak emango du. Errepresioa genero ikuspegitik aztertuko du. Bigarrena, Jon Mirena Landa zuzenbide penaleko katedradunak emango du eta gaia biktimen politika publikoen ikuspegi kritikoa izango da. Biak kultur etxean izango dira 19: 00etan.

Azkenik, lan honen garrantzia azpimarratu nahi nuke. Errespetu guztiarekin, hau ez da nobela bat, edo telesail bat, hau ikerketa zientifiko bat izango da. Eta hemen, berriz ere, Oriok horrelako lanen alde egindako apustua azpimarratu nahi dut. Desberdintasun ideologikoen gainetik, gertatutakoaren errealitatera modu inpartzialean hurbiltzeko apustua egin dute; inolako biktimarik ahaztu gabe, eta informazioa urratutako giza eskubideen arabera sailkatuz, ez biktimarioaren arabera. Horregatik, uste dut, Aranzadik bere konfiantzagatik eskerrak emateaz gain, oriotarrek oso modu positiboan baloratu behar dutela udalbatza eta Herritarren Foroa memoria historikoaren arloan egiten ari direna.

Orio, Hernani, Azpeitia eta Tolosarekin batera, Euskal Herriko laugarren herria da, bi garai historikoak (oroimen historikoa eta gertuko Oroimena ikertzen) ikertzen duena. Lehena, hasietatik bi garai historikoa aldi berean, paraleloki, hasten dena. Eta esfortzu hau azpimarratu behar dugu.

OriokoMemoriaKartela20

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.