Udalak zuhur jokatzen segitzeko eskatzen die oriotarrei

COVID-19ak eragindako pandemiaren azken olatuak gogor astindu ditu inguruak eta, hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri ditu bi agindu, prebentzio-neurri berriak ezarriz, batzuk orokorrean aplikatzekoak eta beste batzuk eremu gorrian dauden herrietan aplikatzekoak.

Orioko datu epidemiologikoak nahiko onak dira gaur egun, konparazioan, eta, beraz, gurean aplikazio orokorreko neurriak bakarrik jarriko dira indarrean; hala ere, Udalak ohar hau kaleratu nahi izan du, herritarrei eskatzeko orain arte bezala zaintzen segitzeko eta agintariek ezarritako segurtasun-neurri guztiak betetzeko. Herritarrek egunero egiten duten ahalegina eskertzekoa da, baina egoera epidemiologikoa edozein momentutan okertu daiteke Orion ere eta garrantzizkoa da alerta segitzea eta gure burua eta ingurukoak zaintzea.

Neurri berriak

Gaurtik aurrera gurean aplikatzekoak diren neurri berrien artean hauek nabarmentzen dira:

  • Soziedade gastronomikoek itxita egon behar dute.
  • Interakzio sozialak murrizteko aholkua ematen dute osasun-agintariek eta, nolanahi ere, 6 pertsona baino gehiagoko talderik ez biltzeko gomendatzen dute.
  • Tabernetako ordutegia murritzagoa izango da eta 24:00etarako guztiz itxita egon behar dute.
  • Tabernetako terrazatan eta barruko mahaitan, gehienez ere, 6 pertsonako taldeak juntatu ahal izango dira.
  • Udal-instalazio, taberna eta dendetan aforoa %50ekoa izango da gehienez, betiere distantziak zainduta.
  • Edozein motatako jarduera fisikoa 6ko taldetan egin ahal izango da, gehienez.

Udalak bere horretan eutsiko die antolatutako kultur jarduerei, aldaketarik gabe.