Oraindik geratzen dira sarrerak Jon Gurrutxagaren eta Urbil Artolaren kontzerturako

Kultur etxean daude salgai Jon Gurrtxaga eta Urbil Artola musikariek ostiralean Arraunetxen emango duten kontzerturako sarrerak. 2 eurotan daude salgai. Ekitaldia 19:00etan izango da.

Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitaratu duen «Kateak» diskoa aurkeztuko dute kontzertuan. Gospela, bluesa, folka eta pop-­rockaren eragina modu oso pertsonalean azaleratu du Gurrutxagak lan berrian eta, zuzeneko emanaldietan, Urbil Artolararekin batera ari da jotzen.

Jon Gurrutxaga

Jon Gurrutxaga elgoibartarrak Arima Beltza taldearekin hasi zuen musika-ibilbidea, bateria jotzen eta abesten. Blues&Rock doinuak landu zituzten batez ere. Ondoren, Keu Agirretxearen UEK proiektuan aritu zen, baterian, eta baita Andrakan taldean ere. Jon & Sugramas izeneko proiektuarekin itzuli zen oholtzetara, berak konposatutako kantuekin. «Hitz lauz» izan zen bere izen propioarekin argitaratutako estreinako diskoa, akustikoa eta intimoagoa.

Urbil Artola

Urbil Artola hondarribiarrak, berriz, Sorotan Bele taldearekin hasi zuen musika-ibilbidea. Folka eta doinu erakargarriak uztartuz, arrakasta handia lortu zuen taldeak eta hiru disko kaleratu zituen.

Taldea desegin ondoren, gitarra akustikoa jotzetik dobroa jotzera pasa zen Urbil Artola eta, azken urteotan, Howdy Bluegrass taldeko partaide da eta hainbat bakarlarirekin grabatu eta jo du: Anje Duhalde, Iker Lauroba, Maider Zabalegi…