Eskola-umeen literatur lehiaketaren sariak banatuko dira larunbatean, segurtasun- eta osasun-arauak zainduta

Udalak urtero antolatzen du eskola-umeen literatur eta marrazki-lehiaketa. Iazkoa bertan behera geratu zen, pandemia-egoeragatik, baina aurten normaltasunez egin da.

Aurtengoa lehiaketaren 34. edizioa izan da.

Aurtengo sariak banatzeko ekitaldia pandemiak sortutako egoerari egokituko zaio eta, beraz, segurtasun- eta osasun-arauak zainduta egingo da, larunbat honetan, maiatzak 15:

  • Arraunetxeko goiko aretoan egingo da, parte-hartzaileen arteko distantziak-eta zaindu ahal izateko
  • Aretoaren aforoak hala behartuta, bi txandatan egingo da ekitaldia:
    • 11:00etan: LHko sariak banatuko dira (olerki, ipuin eta marrazkitakoak)
    • 12:00etan: DBHko sariak banatuko dira (olerki, ipuin eta marrazkitakoak)
  • Parte-hartzaileak: Haur eta gazte saritu guztiak daude deituta, bakoitza dagokion orduan. Haur bakoitza laguntzeko, pertsona bakar bat joan daiteke, aretoaren aforo-mugak ez gainditzeko. Haurrez gain, alkatea eta Euskara batzordeko zinegotziak ere han izango dira.
  • Ekitaldian, eserita egongo dira haurrak eta haien laguntzaileak, distantziak zainduta, maskara jantzita eta sarreran eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbituta. Ekitaldi laburra izango da

Lan sarituen egileei liburu eta oroitagiri bana emango die Udalak, aurtengo lan sarituak jasotzen dituen liburuaren ale banarekin batera.

Aurtengo liburua

Urtero bezala, sari-banaketa ekitaldian aurkeztuko da aurtengo lanik onenak biltzen dituen liburua. 100 orrialde inguruko liburu bat da, Orioko ume eta gaztetxoek egindako ipuin, olerki eta marrazkiak biltzen dituena.

Aurtengo liburuaren hitzaurrea Libana Taboadak egin du eta azala, berriz, Iraia Lozano gazteak.

Hau da aurtengo liburuaren azala:

azala21