Hondartza-denboraldia ekainaren 15etik irailaren 15era izango da aurten

Astearte honetan, ekainak 15, irekiko da hondartza-denboraldia Orion, Gipuzkoako kostaldeko beste herrietan bezala. Irailaren 15a arte iraungo du.

COVID-19ak sortutako osasun-krisiak eragina izango du udako denboraldiaren antolaketan eta, iaz bezala, Udalak hainbat neurri hartu ditu hondartzaren erabilera arautzeko. Helburua, betiere, bertako nahiz kanpoko erabiltzaileen segurtasuna bermatzea da, eremuaren masifikazioak sortu dezakeen kutsatzeko arriskua gutxituz.

Hondartza erabiltzeko arauak

Hondartzaren erabilera arautzeko hartu diren neurri nagusiak hauek dira:

  • Aforoa kontrolatuko da ekainaren 15etik aurrera
  • Hondartzara sartzeko eta irteteko tokiak mugatuko dira
  • Egonaldiak 2-3 ordukoak izatea gomendatzen da
  • Elkarren arteko distantziak zaindu beharko dira
  • Dutxak eta komunak irekita izango dira, garbiketa-neurri bereziekin eta aforoarekin
  • Kabinetan zabalik izango da kontsigna-zerbitzua, iaz ez bezala

Aforoaren kontrola

Aforoa kontrolatzeko, hondartzan instalatutako kamera biometrikoak erabiliko dira. Kamera horiek emandako datuak mugikorrerako aplikazio baten bidez kontsultatu ahal izango dira eta, hartara, erabiltzaileek une oro jakingo dute hondartza dagoeneko beteta dagoen (semaforo gorria), betetzen ari den (semaforo horia) ala lasai erabiltzeko moduan dagoen (semaforo berdea). Mugikorrerako aplikazioak bestelako aukerak ere emango ditu aurten: hondartzaren okupazioa ikusi ahal izango da webcam baten bidez, uraren kalitatearen berri emango du…

Semaforoa gorri jartzen denean, galarazi egingo da hondartzara sartzea eta, beraz, erabiltzaileek itxoin egin beharko dute, berriro hori edo berde jarri arte.

Mugikorreko aplikazioaz gain, Udalak seinaleak jarriko ditu hondartzaren sarreretan, semaforoa zein koloretan dagoen adierazteko. Autopista ondoko errotondan ere seinale horietako bat jarriko du Udalak, jendeak autotik ikusi ahal izateko hondartzaren okupazioa zertan den.

Erabiltzaileen sarrerak eta irteerak kontrolatzeko, hondartzako hainbat sarrera itxi egingo ditu Udalak. Hondartzara sartzeko, bi alboetako sarrera nagusiak erabili beharko dira: errio aldekoa eta mendi aldekoa. Gainontzeko sarrerak hesituta egongo dira eta ezin izango dira erabili. Gurutze Gorrikoen postuaren ondoko sarrera ere itxita izango da herritarrentzat, eta sorosleek, surflariek eta mugikortasun-arazoak dituztenek bakarrik erabili ahal izango dute.

Aurten Txu-txu trena ibiliko da berriro

Aurten Txu-txu trena ibiliko da ostera, herritik hondartzara joan-etorrian. Datorren astean jarriko da martxan zerbitzua eta horren zehaztasunak aurrerago emango ditu Udalak.