Oribarzarko hondartza itxita egongo da aurten ere udako denboraldian, segurtasuna bermatu ezin delako

Oribarzarko hondartza itxita egongo da udako denboraldi osoan, herritarren segurtasuna bermatzeko.

Oribarzarko hondartza ez dago bainurako baimendutako Gipuzkoako hondartzen artean, hango uraren kalitatea txarra izaten delako, batez ere marea behean. Horren ondorioz, sorosle-zerbitzurik ez dago eta, beraz, ezin da bermatu erabiltzaileen segurtasuna.

Horrez gain, ondotik pasatzen den errepidea oso egoera txarrean dago eta arriskua dago zati batzuk hondartza gainera erortzeko. Hori dela-eta, Udalak hesituta dauka Oribarzarko hondartza eta arriskuaz ohartzen duten seinaleak jarri ditu.

Horri gehitu behar zaio probintziako jende askok erabiltzen duela hondartza udako denboraldian eta, aforoa kontrolatzeko sistemarik ez dagoenez, jende-pilaketak eta egoera arriskutsuak sortu daitezkeela, COVID-19ak eragindako osasun-krisia dela-eta.

Hori guztia kontuan hartuta, Udalak, aho batez, aurten ere hondartza ixteko erabakia hartu du, kontu honetan eskumena duten erakundeekin gaia aztertu eta gero.

Herritarren segurtasuna da Udalaren lehentasuna eta, hori ezin bada bermatu, zuhur jokatzea da onena.