Ahalduntze Eskola: ia hiru urte lanean, Orion berdintasuna lantzen

Eider Goiburu eta Aizpea Esnaola oriotarrak berdintasun-teknikariak dira formazioz. Biek esperientzia handia dute berdintasun-planak egiten hainbat udalerrirentzat, baita hainbat erakunde eta taldetan esku-hartze psikosoziala eskaintzen ere. Solasaldi polita izan dugu berekin, feminismoaren, Orioko idiosinkrasiaren eta herrian emakumeek duten rolaren inguruan.

Nola hasi zineten lanean?

Eider Goiburu: Orion, azken bi urte arte, instituzionalki ez da berdintasunaren inguruko ezer bideratu. Udalak ez du horretarako aurrekonturik izan eta ez da gaia landu, baina feminismoak azken 10 urteetan hartu duen indarra ikusita eta Udalaren aldetik berdintasun-politikak bultzatu nahi zirela ikusita, Udalarekin harremanetan jarri ginen.

Aizpea Esnaola: Hori da, eta 2019ko urte hasieran, alderdi politiko guztien onarpena jasota, lanean hasi ginen eta premia ederra zegoen. Hasieratik oso argi genituen egin beharreko bi lanak: batetik, Orioko emakumeen beharren diagnosia eratzea galdetegi eta talde-bilerak eginez, eta, bestetik, herrian Emakumeon Ahalduntze Eskola zabaltzea. Dena nahiko azkar joan zen, eta Ahalduntze Eskola 2020ko urtarrilean ireki genuen.

Zein izan zen diagnosiaren emaitza?

Biak batera: Latza!

Aizpea: Guk gure baitan uste genuen hori errealitatea zela ikusi genuen. Nolabait, Orio ez zela emakumeok libreki hezteko herria, horrek esan nahi duen guztiarekin. Esaterako, emakumeak sexualki ez zirela aske sentitzen edota, kirola egiteko garaian, herrian puntu beltzak zeudela. Esaterako, Itxaspeko buelta bera, herriko kirol instalazioak… Azken batean, indarkeria espazio horiek kale-eremuetan daude. Gainera, Orio herri maskulinoa dela ere agerian geratu zen, erreferente guztiak gizonezkoak dira-eta: arrantzaleak, arraunlariak…

Eider: Horrez gain, emakume migranteak beren burua erabat ikusezina sentitzen dute Orion. Existituko ez balira bezala, eta argi dute berek ere herriaren parte izan nahi dutela. Bereziki, emakume musulmanak oso epaituak sentitzen dira.

Eta behin hori ikusita, zer egin duzue?

Eider: Gure helburu nagusia Orioko emakumeak batzea izan da, benetako sarea eratuz, eta, hori lortzeko, hiru egitasmo jarri genituen martxan. Batetik, ahalduntze-prozesuak bultzatzen dituzten ekimenak antolatuz; bestetik, udal-liburutegian feminismoaz eta berdintasunaz mintzo diren edukiekin apal morea eratuz eta, azkenik, Ahalduntze Eskolan bertan arreta zuzena eskainiz astean behin.

Aizpea: Ez genuen uste Ahalduntze Eskola, biolentzia matxista kasuak salatzeko espazioa izango zenik, baina hala bihurtu da modu natural batean. Nolabait, zubi-lanak egiten ari gara herritarren eta Udaleko gizarte-zerbitzuen artean, eta pozten gara hemen beren espazioa aurkitzen badute, espazio seguru bat.

Eider: Aurten, gainera, arreta-zerbitzuko ordutegia zabaldu egin dugu, eta orain astean hiru egunetan eskaintzen dugu. Horrek indartu egin gaitu, eta hilean behin aholkularitza juridikoa ere badugu.

Nolako Orio nahi duzue?

Eider: Herri inklusiboa sortu nahi dugu.

Aizpea: Bai, hori da, eta horretan ari gara.