Bilera irekia deitu du Udalak hezkuntza-eragileekin, Orioko euskara-planaren lanketaren barruan

Udalak bilera egingo du hezkuntza arloko eragileekin datorren asteartean, urriak 26, Salatxo aretoan, 18:30ean. Udalak Orioko euskara-plana egin nahi du datozen 10 urteetarako, eta gogoeta-prozesu bat abiatu du plan horren edukia lantzeko herritarrekin batera. Horretarako, lau lantalde osatu ditu, estrategikoak iruditzen zaizkion alor hauetan: kirola, hezkuntza, merkataritza eta sentsibilizazioa. Asteartekoa izango da hezkuntzako lantaldearen lehenbiziko bilera.

Udalak zuzenean gonbidatu ditu lantaldera herriko eragileak, baina bilera irekiak izango dira, eta gaiarekin interesa duen edozeinek parte hartu dezake. Hezkuntzako lantaldeak hiru bilera egingo ditu, urrian hasi eta urtarrilean bukatuko den prozesuaren barruan:

  • Lehen bilera: Egoeraren diagnostiko konpartitua egiteko: ahulguneak eta indarguneak.
  • Bigarren bilera: Diagnostikoa azaldu, 10 urterako helburuak finkatu eta helburu horiek lortzeko ekintzak proposatzeko.
  • Hirugarren bilera: Lantaldeak egindako lanaren emaitza aurkeztu, findu eta osatzeko.