Asteartean irekiko da epea familia ugarien hobariak eskatzeko Ondasun Higiezinen Zergan

Orioko Udalak, urtero bezala, hobariak edo bonifikazioak onartu ditu familia ugarientzat, Ondasun Higiezinen Zergari dagozkionak.

Interesatuek otsailaren 1etik 28a arteko epea dute hobari horiek eskatzeko udal-bulegoetan.

Familia ugaria direla akreditatuta daukatenek etxebizitza BATENTZAKO eskatu dezakete hobaria, etxebizitzaren balio katastrala gehienez 180.000 eurokoa baldin bada eta baldintza hauek betetzen badituzte:

  • Etxebizitza familia ugariaren ohiko bizitokia izan behar du eta familiako kideek bertan erroldatuta egon behar dute.
  • Familiako inor ez da izan behar beste ondasun higiezin baten jabe.

Hiru hobari-mota

Aplikatuko diren hobariak hauek izango dira:

  • 3 seme-alaba dituzten familiei %52,50eko hobaria aplikatuko zaie.
  • 4 seme-alaba dituzten familiak: %63ko hobaria aplikatuko zaie.
  • 5 seme-alaba edo gehiago dituzten familiak: %73,50eko hobaria aplikatuko zaie.

Eskaera nola egin

Hobariaren eskaera egiteko, udal-bulegoetara jo behar da otsailaren 1etik 28ra bitartean, ordutegi honen barruan: 8:30etik 14:30era, astelehenetik ostiralera.

Han emango zaien instantzia bete beharko dute interesatuek (beheko estekatik ere deskargatu daiteke) eta udal-bulegoetan aurkeztu, dokumentazio honekin batera:

  • Familia ugariaren txartela.
  • Ondasun Higiezinaren gaineko Zergaren azken ordainagiria ordaindu izana akreditatzen duen agiria.
  • Zinpeko aitorpena, adieraziz familiako inor ez dela beste ondasun higiezin baten jabe (agiri horren eredua ere beheko estekatik deskargatu daiteke).

Hobariaren eskaera urtero aurkeztu behar da.