Zabalik da epea udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuetan izena emateko

Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak ekainaren 27tik uztailaren 3ra izango dira aurten, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, martxoaren 31 arte. Aurten ere ibiltaria izango da UEMAk antolatutako ekimena. 50 laguneko bi zutabe abiatuko dira. Bat Tolosatik, eta bestea Etxarri Aranaztik, eta laugarren egunean Leitzan elkartuko dira bi zutabeak. Udalekuen helburua hauxe da: Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea. Iaz gazte askok eman zuten izena, eta asko kanpoan geratu zirenez, aurten parte-hartzaileen kopurua bikoiztea erabaki du UEMAk.

Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortu nahi du UEMAk udaleku ibiltari horien bidez, eta aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarria dute. Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin antolatu ditu UEMAk.

Izena emateko epea martxoaren 31 arte izango da zabalik.

Informazio gehiago UEMAren webgunean.