Ostiral goizean zabalduko dute Kaia kalea ibilgailuentzat

Saneamendu-sarea berritzeko Kofradia inguruan egiten ari diren obren ondorioz, Kaia kalea trafikoarentzat itxita egon da urtarrilaren 24az geroztik. Bidea aste honetan hormigoitu du Gipuzkoako Ur Kontsorzioak, eta bihar, ostiralarekin, zabalduko dute autoentzako pasabidea.

Dena dela, oraindik ez dituzte bukatu Kofradia inguruan egiten ari diren lanak, eta, horregatik, bi asteko etenaldiaren ondoren, otsailaren 14ko astean ekingo diete berriro. Bost metroko sakoneran ariko dira lanean eta, aurreikuspenen arabera lanek beste bi aste iraungo duten arren, baliteke luzatzea. Hala bada, aldaketen berri emango du Udalak.