Otsaileko eta martxoko kultur programa iragarri du Udalak

Neguko hilabete ilunak arintzeko, dozenatik gora kultur ekitaldi izango dira herrian, tartean, datorren ostiralean, otsailak 11, kultur etxean egingo den Bederatzikoa bertso eta musika saioa, Andoni Egaña eta Xabier Lizasorekin. Antzerkia, musika, ipuin-kontalariak eta dantza-ikuskizunak ez dira faltako datozen asteetan.

Adin eta joera guztietako herritarrentzako jarduerek osatzen dute programa. Miriam Mendoza eta Pello Añorga ipuin-kontalarien saioek (hiru, guztira) berenganatuko dute gaztetxoenen arreta, baita Patata Tropikala antzerki laborategiak aurkeztuko duen Niararen bidaia obrak ere.

Mugaldekoak talde beratarrak abenduan ematekoa zuen saioa eskainiko du hilaren 25ean, eta otsailaren 11ko bertso-saioaz gain, martxo amaieran, Korrika Kulturalaren barruan, Errikotxia elkarteak prestatutako emankizuna izango da Karela kiroldegian, Maialen Lujanbio, Oihana Bartra, Joanes Illarregi, Amets Arzallus eta Andoni Egaña bertsolariekin.

Dantzak ere protagonismo berezia izango du oraingoan, Danbolin Musika Eskolako ikasleen saioa martxoaren 19an egingo baitute. Aurretik, hilaren 13an, Gipuzkoa Dance Contest lehiaketak hartuko du Karela kiroldegia egun osoan luzatuko den ekitaldian.

Eta Axut! antzerki konpainiak AMUA antzezlan arrakastatsua taularatuko du kultur etxean martxoaren 4an, ostiralarekin. Ximun Fuchsek zuzendutako obran ariko dira aktore Fuchs bera, haren anaia Manex Fuchs eta Maite Larburu.

Jarraian duzue programazioa:

Otsaila

  • Otsailaren 11n, ostirala, 19:00etan kultur etxean: Bederatzikoa bertso eta musika saioa, Andoni Egaña eta Xabier Lizasorekin. Sarrerak 5 euroan.
  • Otsailaren 21a, astelehena, 17:30ean kultur etxean: Miriam Mendoza ipuin-kontalaria (3-6 urte arteko haurrentzat).
  • Otsailaren 25ean, ostirala, 19:00etan kultur etxean: Mugaldekoak taldearen kontzertua. Sarrerak 5 euroan.
  • Otsailaren 26an, larunbata, egun osoa: Inauteriak.
  • Otsailaren 28an, astelehena, 18:00etan kultur etxean: Niararen bidaia haurrentzako antzezlana, Patata Tropikala antzerki laborategiaren eskutik. Sarrerak 2 euroan.

Martxoa

  • Martxoaren 4an, ostirala, 19:00etan kultur etxean: AMUA antzezlana, Axut! konpainiaren eskutik. Sarrerak 5 euroan.
  • Martxoaren 13an, igandea, egun osoan Karela kiroldegian: Gipuzkoa Dance Contest, Warda Mallal dantza-estudioak antolatuta.
  • Martxoaren 19an, larunbata, Karela kiroldegian. Danbolin Musika Eskolaren dantza-emankizuna.
  • Martxoaren 21ean, astelehena, 17:30ean kultur etxean: Miriam Mendoza ipuin-kontalaria (3-6 urte arteko haurrentzat).
  • Martxoaren 27an, igandea, 18:00etan Karela kiroldegian: Bertso saioa, Errikotxia elkartearen eskutik. Korrika Kulturalaren baitan
  • Martxoaren 30ean, asteazkena, 17:30ean kultur etxean: Pello Añorga ipuin-kontalaria (5-8 urte arteko haurrentzat). Korrika Kulturalaren baitan.