«Udalean sartu ginenean, hainbat egitasmo jaso genituen eta beste hainbat jarri nahi izan genituen martxan, baina horien artean kohesioa falta zela iruditu zitzaigun», nabarmendu zuen Anuska Esnalek. «Herria bere izaerarekin eta sustraiekin deskonektatuta zegoela sentitzen genuen eta, aurrera jarraitu beharrean, etxeko lanak egiteko astia hartzea erabaki genuen, herria ekonomikoki berpizteko eta herritarren beharrak asetzeko, ongizatea bermatuz. Horregatik hasi ginen izaera integratzaileko plana lantzen, turismo jasangarria xede».

Planaren garapena

2020an abiatu zuten Kultur Atelierreko kideek Orioko dinamizazio-planaren lehen fasea: herriaren diagnostiko orokorra egiteko, inguruaren analisi makroa eta mikroa egin zuten, eta pertsona, eragile eta adituak identifikatu zituzten, bigarren faseko elkarrizketa-prozesuan bidelagun izateko. Orioren erradiografia orokorra eskuratu zuten hala, eta inguruneari, baliabide turistikoei, zerbitzuei, turismoak izandako bilakaerari eta beste hainbat alorri buruzko datuak bildu zituzten. «Baliabide asko eta aberatsak eskaintzen ditu herriak, baina horien arteko konexioa eta kohesioa eskasa zela ikusita, turismo-ereduaren oinarrian herriaren nortasuna jarri nahi izan genuen hasieratik», gogoratu du Yabenek.

Bigarren fasean parte-hartzea eta ikerketa izan ziren ardatz. Hala, 40 norbanako, eragile eta aditurekin aurrez aurreko bilerak egin zituzten: ostalariak; merkatariak; alojamenduetako arduradunak; zerbitzu-enpresetako kideak; erakundeetako, udaleko zein herriko elkarteetako ordezkariak; ondarean adituak eta herrigintzan aritzen diren pertsonak. Haietako bakoitzarekin herriaren inguruko ikerketa sakona egin zuten, nork bere alorretik ezagutzak partekatuz, eta Orio hobetzeko proposamenak jaso zituzten. Bildutako ideien artean nabarmentzekoak dira, esaterako, itsasoari beste era batera begiratzeko beharra eta herriaren izaera biziaren inguruko aldarria.

Hirugarren fasea, Biziberritze Plana

Lehen eta bigarren faseetan lanean ari zirela, ondorio nagusi batera heldu ziren: turismo plan estrategiko batetik harago, Oriok herria berritzeko plan orokorrago baten beharra zuela. Eta ondorio horri erantzutera etorri da Biziberritze Plana. «Ezin da kanpora begira jarri barnekoa prest izan gabe», adierazi zuen Iñigo Expositok.

Ondorioz, zazpi erronka, 40 jarduera-lerro eta 140 ekintza jasotzen dituen plana osatu zuten, hiru ardatz nagusiren gainean eraikita: errioa, euskara eta jasangarritasuna. Hain zuzen, errioa da herriaren elementu bereizgarria, Oriori aberastasuna eta nortasuna ematen diona. Yabenen hitzetan, «Orioko historiaren eta istorioen testigu da». Euskara, aldiz, herriaren nortasunaren zutabe nagusietako bat da, gure izaeraren ezaugarri nabarmenena. Jasangarritasuna, berriz, zentzurik zabalenean, etorkizunerako leitmotiva da.

Proposatutako proiektuen artean dago, besteak beste, Orioko errelatoaren sorrera, iragan abenduan herritar guztien etxeetara banatu zena. «Herriak nortasun handia izan arren, identitate-arazoa zuela detektatu genuen, eta errelatoak nortasun sendo eta bateratu bat eraikitzeko bidea ematen zuela iruditu zitzaigun, herritar guztiak prisma berean jarriz», adierazi zuen Expositok. Horrez gain, bestelako erronkak ere jaso ditu txostenak: Orioko zerbitzuen transformazioa, gobernantza- zein ekonomia-eredu berritzaileak, herritarren artean kohesioa sustatzea… «Gainera, ekintzak ez dira gugandik etorri, herritarrengandik baizik. Guztiak hiru urtetan garatzea zaila izango den arren, txostenean jasota utzi nahi izan ditugu. Eta planak irekita jarraituko du herritarrek ekarpenak egin ditzaten», gaineratu zuen Yabenek.

«Biziberritze Planak ilusio handia egin digu, herriari osotasunean eragiten diolako, eta kanpora begira baino, barrura begira jartzen gaitu, izan ginen horretara begira, gure nortasuna berreskuratzeko eta iraganarekin konektatzeko», borobildu zuen alkateak.

Biziberritze Planaren txosten osoa eskuragai dago hemen, nahi duenak deskargatzeko:

Orioko Biziberritze Plana (PDF)