Sahararen Festa egingo dute otsailaren 26an Herriko Plazan

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutela 47 urte beteko dira otsailaren 27an eta, GueraraOrio elkarteko kideen ekimenez, Sahararen Festa egingo dute larunbatean, otsailak 26. Urteurrena ospatzeaz gain, otsail hasieran egin zuten janari-bilketan herritarrek erakutsitako babesa eskertu nahi dute.

Eguerdiko 12:00etan ikurrina eta Sahararen bandera eskegiko dituzte udaletxeko balkoian, eta sahararren irrintzi berezia entzunaraziko dute. 13:00etatik aurrera, bestalde, Saharako plater tipikoa, kuskusa, banatuko dute Herriko Plazan jarriko duten haiman: pintxoa 2 euroan eta errazioa 5 euroan. Jatekoaz gain, tea ere eskainiko dute, eta hennarekin margotzeko aukera izango dute bertaratuek.

Bildutako dirua Saharako kanpamentuetara helaraziko dute, janariaz gain, horixe baita bertako herritarrek uneotan gehien behar dutena.