Eskuragai daude ‘Amua’ antzezlanerako sarrerak

Axut! konpainiak Amua antzezlan arrakastatsua eskainiko du martxoaren 4an, ostiralarekin, Orioko kultur etxean. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrerak eskuragai daude online zein kultur etxean, 5 euroren truke.

“Anak gaztaroko bi maitale ohi gonbidatu ditu Iratiko etxola batera. Azken asteburu bat, izan zirenaren eta amestu zutenaren izenean. Aitor eta Txolarre etorriko dira, baina ez dute jakingo hiru izanen direla. Elkar asko maitatu dute, elkar asko maite dute, baina zaila da hain intimoa den hori partekatzea. Esklusibotasuna, erromantizismoa, egoa, jabetza, ohitura, kultura eta hezkuntza alde batera uzteak, asteburu bakar batean bada ere, barne kalapita galantak eragingo dizkie”, nabarmendu dute obraren sinopsian.

Euskarazko antzerkia garatzeko xedearekin sortu zuten Axut! konpainia Ximun eta Manex Fuchs anaiek, Arantxa Hirigoyenek eta Argi Perurenak, eta azken urteetan euskal agertokietan nabarmendu diren hainbat obra garatu dituzte, besteak beste, Hamlet (2013) eta Francoren bilobari gutuna (2016). Lotura honetan duzue konpainiaren inguruko informazio osagarria.

Sarrerak eskuragai

Martxoaren 4an, ostiralarekin, Amua antzezlan berria emango dute Orioko kultur etxean 19:00etatik aurrera, eta eskuragai dira sarrerak 5 euroan online zein kultur etxean.