«Oriotarrak itsasoan barrena XVI. mendean» hitzaldiaren bideoa ikusgai dago

Errioa, gure nortasuna hitzaldi-sorta abiatzeko, Xabier Alberdi Lonbide Historian doktore eta Itsas Museoko zuzendariak hitzaldia eskaini zuen joan zen astean Arraunetxen. Guztira bost hitzaldi antolatu ditu Udalak, hilabeteko azken asteazkenetan, eta lehen saioan XVI. mendeko herriaren egoera aztertu zuen Alberdik, galdera bati erantzunez: zergatik nabarmendu ziren oriotarrak itsasoan, eta batez ere, Ternuako balea-arrantzan?

Izan ere, ezagutzen diren Ipar Amerikako lehen dokumentuen artean daude bi arrantzale oriotarren testamentuak: Joanes de Etxaniz eta Juan Martinez de Larrume itsasgizonenak. Baina, zergatik eman ditu horrenbeste marinel trebe Gipuzkoako kostaldeko herri txiki batek?

Erantzunaren bila, Orio herriaren sorreraino jo du Alberdik, eta burdinaren ekoizpenak eta salerosketak herriaren garapenean izandako eragina azaldu du. Hain zuzen ere, hiribildua eskatu eta Donostiatik banatzeko arrazoi nagusietako bat zen burdinaren merkataritzatik eratorritako zergak Orioko Udalak kudeatzeko eskumena lortzea.

Eta zerga-bilketa hartan ezarri ziren udalerriaren mugak. Gatazkak izan ziren bizilagunekin, Aiako jauntxoekin, batez ere, burdinolak errio bazterrean zeudelako, eta interes ekonomikoak tarteko, auzitan bukatu ohi zuten liskarrek, baita errioko arrantzari lotutakoek ere.

Hitzaldi osoa duzue ikusgai lotura honetan.