Mutiozabal ontziola biziberritzeko hitzarmena sinatu dute Orioko Udalak eta Albaolak

Mutiozabal ontziolak bere jarduera historikoa errekuperatuko du, Orioko Udalak eta Albaola Itsas Kultur Faktoriak sinatu duten hitzarmenari esker. Itsas-ondarea suspertzeko asmoz, hezkuntzara bideratutako proiektua kudeatuko du bertan Albaolak.

Ontzigintzari buruzko unitate didaktikoak

Hitzarmenean zehaztu bezala, datozen lau urteetan Albaola arduratuko da Oria bazterrean dagoen Mutiozabal ontzionalaren kudeaketaz. Ekainean, Orioko ikastetxeekin egingo dute proba pilotua, eta datorren ikasturtetik aurrera, proiektua eskola guztietara zabaldu ahal izango da.

Ontzigintzari buruzko unitate didaktikoak landuko dituzte ikastetxeekin, eta ontziolan bertan benetako egurrezko ontzi bat eraikitzeko esperientzian parte hartuko dute ikasleek. Ala izeneko ontzi tradizionalak izango dira, Oria ibaiaren bazterretan zeregin askotarako erabili izan zirenak (pertsonen, abereen zein materialen garraiorako, esaterako).

Ontziolaren historia

1968an uretaratu zen azken ontzia Mutiozabalen, eta 2003an itxi zuten guztiz ontziola. Eusko Jaurlaritzak monumentu kategoriako kultura-ondasun izendatu zuen 2018an, eta Orioko Udalak 2019an erosi zuen eraikina. Ordutik, hura berreskuratzeko lanak egin dituzte, eta Biziberritze Planaren baitan, proiektua martxan jarriko dute datozen hiletan.

Usadiozko lanbideak gogoratzeaz gainera, ontziak erriora uretaratzen ikusteko aukera ere izango da laster.