Gaur zabalduko dute Orio Kanpina

Martxoaren 2tik azaroaren 14ra luzatuko da Orio Kanpinaren 2022ko denboraldia. Covid neurririk gabe irekiko dituzte gaur ateak, eta bezero finkoak aste honetan bertan espero dituzte. 2019ko bisitarien datuetara itzultzeko helburua dute, azken bi urteetako beherakadaren ostean.

Herrigunetik zein hondartzatik hurbil dagoen Orio Kanpinak 103 partzela eta 34 bungalow ditu, eta urte osoko erreserba duten beste 38 bezero finko. Kanpina zabaltzearekin batera, denboraldi berrirako erreserbak egiteko aukera izango da gaurtik aurrera, online zein telefonoz.

Normaltasunera bueltan

Covid19aren eraginez, bisitarien kopurua % 35 jaitsi zen 2020an, eta iaz datua hobetzea lortu zuten arren, 2019arekin alderatuta, % 15 bisitari gutxiago izan zituzten. Aurtengoan, ordea, duela hiru urteko zifretara itzuli nahi dute, eta lan-taldeak gogoz hasi du denboraldi berria.

Orio Kanpinaren inguruko informazioa eskuragai duzue haien webgunean.