Danbolin Musika Eskolako ikasleen martxoko emanaldiak

Danbolin Musika Eskolako ikasleek hainbat ekitaldi eskainiko dituzte martxoan, bigarren hiruhilekoari amaiera emateko. Larunbatean, martxoak 19, hasiko dute programazioa Karela kiroldegian egingo duten dantza emanaldiarekin, eta martxoaren 31ra arte, dozenatik gora entzunaldi eskainiko dituzte.

Dantza emanaldiak

Martxoaren 19an, larunbata, dantzariz beteko da kiroldegia. 17:00etako txandan, Musika eta mugimendua eskolak jasotzen dituzten 4 eta 6 urte arteko haurren txanda izango da. 72 ikasle izango dira guztira, eta Korrika gaia oinarri hartuta, dantza ikuskizuna egingo dute.

Amaitutakoan, 18:00etan, 7 eta 13 urte arteko dantzariek hartuko diete erreleboa. 93 ikasle izango dira, eta euskal dantza eta koreografia ezberdinak egingo dituzte. Gainera, Danbolin Musika Eskolako ikasleek zuzeneko musika eskainiko dute.

Sarrerei dagokienez, ikasle bakoitzak 3 gonbita jasoko ditu senide eta lagunen artean banatzeko. Gonbita dutenek izango dute sartzeko lehentasuna, baina eserlekuak libre geratuko direnez, gonbitarik ez duten herritarrek ere sartzeko aukera izango dute jarraian (leku guztiak bete arte).

Musikako ikasle txikien emanaldiak

4, 5 eta 6 urteko gaztetxoek Musika eta mugimendua eskoletan landutako doinuak entzunaraziko dituzte martxoaren 22tik 28ra. Saio guztiak kultur etxean izango dira, adinaren arabera banatuta, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.

Ondorengoa izango da programa:

  • Martxoak 22: 6 urtekoak, 17:00etan
  • Martxoak 23: 5 urtekoak 17:00etan eta 4 urtekoak 18:00etan
  • Martxoak 24: 6 urtekoak 17:00etan
  • Martxoak 28: 5 urtekoak 17:00etan eta 4 urtekoak 18:00etan

Instrumentuen entzunaldiak

7 urtetik aurrerako ikasleek, instrumentuen arabera banatutako emanaldiak eskainiko dituzte hilaren 23tik aurrera. Saio gehienak kultur etxean izango dira, martxoaren 31ko tronpetako entzunaldia izan ezik (Salatxo aretoan egingo dute). Eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

Ondorengoa izango da programa:

  • Martxoak 23: Txistuko entzunaldia 19:00etan
  • Martxoak 24: Gitarrako entzunaldia 18:00etan eta biolineko entzunaldia 19:30ean
  • Martxoak 25: Pianoko entzunaldiak 17:00etan eta 18:00etan, eta piano eta kantuko entzunaldia 19:00etan
  • Martxoak 28: Perkusio eta biolontxeloko entzunaldia 19:30ean
  • Martxoak 31: Flauta eta esku-soinuko entzunaldia 17:00etan, klarineteko entzunaldia 18:00etan, saxofoiko entzunaldia 19:00etan eta tronpetako entzunaldia 19:30ean (azken hau Salatxo aretoan)

Ikasleak gogotsu ari dira emanaldia prestatzen, eta herritar guztiei egin diete bertaratzeko gonbita.