Salgai daude Benito Lertxundiren emanaldirako sarrerak

Datorren maiatzaren 13an, ostiralarekin, Benito Lertxundiren kantaldi berezia izango da Karela kiroldegian, 22:00etan hasita. Sarrerak eskuragai daude online zein kultur etxean.

Joan zen ostiralean iragarri zuen Udalak udaberriko programazioa, eta 20tik gora ekitaldien artean, maiatzaren 14ko Balearen Egunaren harira antolatu duen Benito Lertxundiren kantaldia nabarmentzen da, hilaren 13an.

Baionan, Astigarragan eta Maulen izango da musikari oriotarra datozen asteetan eta, sorterrira bueltan, 2018an aurkeztu zuen Ospakizun gauean diskoko doinuak ez ezik, bere ibilbideko kantarik esanguratsuenak ere emango ditu. Tartean, Orioko balea-arrantzaren kronika musikatua.

Sarrerak eskuragai

Sarrerak online zein kultur etxean erosi daitezke, 10 euroan. Ikus-entzuleek harmailetatik ala pistatik jarraitu ahal izango dute emanaldia, eta sarrerak erosterakoan, bata ala bestea aukeratu beharko dute.