Balearen Eguneko programazioa aurkeztu du Orioko Udalak

Anuska Esnal Orioko alkateak, Xabi Ibarguren kultur zinegotziak eta Iker Apaolaza kultur teknikariak gaur, maiatzak 2, aurkeztu dute maiatzaren 14ko Balearen Eguneko programazioa. Herriko eragileekin elkarlanean prestatutako jarduera-sortak dozenatik gora ekitaldi bildu ditu, pandemiaren eraginez urtebete atzeratu behar izan den jaiak sortzen duen zirrararen eta giroaren erakusle.

Esnalek nabarmendu duenez, «Ilusio berezia egiten didan prentsaurrekoa da, alkate gisa aurkezten dudan lehen Balaren Eguna delako, eta, pandemiaren ostean, festa-giroa berreskuratzeko lehen pausoa ere badelako». Azken urteetan Udalak errioaren eta ondarearen aldeko apustu serioa egin duela gogoratu du, eta «balea-arrantzak zerbait adierazten badu, herri osoaren batasuna da: herri oso bat helburu baten alde lanean».

Ibargurenen hitzetan, «Orioren harrotasunaren parte da ospatzera goazena. Hizkuntzak ez ezik, bizibideak eta ogibideak ere gure identitatea sortzen dute, eta festa hau gure nortasun kolektiboaren parte da». Aurtengo programa erlojuaren kontra osatu behar izan du Udalak eta, azken edizioa baino txikiagoa izango den arren, ilusio eta gogo berdinarekin prestatu dutela nabarmendu du. «Egun berezia izango da, eta herritarrak bertan parte hartzera animatu nahi ditugu, Balearen Eguna oriotarrok egiten dugulako berezi».

Larunbateko, maiatzak 7, Mende bete arraunean eta bertsotan 2001eko ikuskizunaren bideo-proiekzioarekin ekingo zaio programari eta, egun handiaren aurretik, haurrei zuzendutako jarduerak nabarmenduko dira: familia osoarentzako Azken Balea clown antzezlana, bi eskoletako haurrek herrian barrena egingo duten kantu-bira, eta ontzigintzaren inguruko haurrentzako tailerrak, Mutiozabalen (aurrenekoz zabalduko dute ontziola, eraberritze-lanen ondoren). Balearen Egunaren bezperan, bestalde, Benito Lertxundiren kantaldia izango da kiroldegian; sarrera guztiak ahituta daude jada.

Egunean bertan, musika, dantza eta ohiko animazioekin hasiko da festa, eta 13:00etan, elizako kanpai-hotsen ondotik, bost traineruk BALEA ekarriko dute errioan barrena. Ondoren, Salatxo abesbatzak eta Harribil dantza-taldeak ongietorria egingo diete Mollan arrantzaleei. 14:30ean Herriko Plazan egingo den herri-bazkarirako txartelak bihartik aurrera izango dira eskuragai kultur etxean. Eta arratsaldean, festa-giroan jarraitzeko, musika eta dantza-saioa izango dira Herriko Plazan eta kaleetan.

Programazioa:

Maiatzak 7, larunbata

  • 19:30 Arraunetxe – Mende bete arraunean eta bertsotan, 2001eko ikuskizunaren bideo-proiekzioa eta ekitaldia. Gonbidapenak: Kultur etxean.

Maiatzak 8, igandea

  • 10:00-14:00 Herriko Plaza eta inguruak – Artisau-Azoka.

Maiatzak 11, asteazkena

  • 19:00 Arraunetxe – Sargazoetatik Orioraino: aingiraren bidaia miresgarria hitzaldia Arraunetxen, Esti Diaz Silvestrek emana.

Maiatzak 12, osteguna

  • 18:00 Kultur etxea – Azken Balea familia-antzerkia, Tomaxen Abenturak konpainiarena.

Maiatzak 13, ostirala

  • Goizean, herriko kaleetan – Orioko Herri Ikastolako eta Zaragueta IPI Herri Eskolako haurrek baleari eta itsasoari buruzko kantak abestuko dituzte.
  • 17:00 Mutiozabal – Ontzigintzaren aurkezpena, Albaola Itsas-faktoriak bideratuta. Haurrentzako jarduerak izango dira.*
  • 22:00 Karela kiroldegia – Benito Lertxundiren kontzertua.

Maiatzak 14, larunbata, Balearen Eguna

  • 10:00 – Itsas Ondareari buruzko bisita gidatua, Begi Bistan elkarteak bideratuak*
  • 10:00 Kultur etxetik hasita – Pello eta Nikolasa erraldoien eta buruhandien kalejira herriko txistulariekin.
  • 10:45 Herriko Plaza eta herrian barrena – Harribil Dantza Taldearen dantza ikuskizuna eta kalejira.
  • 11:30 Bikamiotatik hasita, herrian barrena – Salatxo Abesbatzaren kantu-kalejira, trikitilarien laguntzarekin.
  • 12:00 Herriko Plaza – Sardina-pintxoak.
  • 13:00 Molla – BALEAren arrantza. Salatxo abesbatzaren eta Harribil Dantza Talderen ongietorria
  • 14:30 Herriko Plaza – Herri-bazkaria (txartelak salgai kultur etxean maiatzaren 9 arte).
  • 17:30 Herriko Plaza – Plaza-dantzak XOXOTE BANDArekin, Talai-mendi dantza-eskolak antolatuta.
  • 20:00 Herrian barrena – ORKRESTA Elektrotxaranga.
  • 22:30 Herriko Plaza – DJ Aros.

Maiatzak 15, igandea

  • 12:00 Herriko Plaza – Gora Kaletxiki Andoaingo musika bandaren kontzertua Martin Peronaren omenez, Danbolin Musika Eskolako bandaren laguntzarekin.

*Izen-ematea Orioko turismo-bulegoan, 943 835 565 telefonoan edo orioturismo@gmail.com helbidean.

Kartel-lehiaketa

Aurten aurrenekoz Balearen Egunaren irudia aukeratzeko kartel-lehiaketa antolatu du Udalak, eta deialdiak erantzun ederra jaso du. Helduen kategorian hamar lan aurkeztu dituzte eta, Zaragueta IPI Herri Eskolarekin eta Orioko Herri Ikastolarekin elkarlanean, ehunka lan bidali dituzte gaztetxoenera. Apaolazak erakutsitako babesa eskertu nahi izan die.

Aurtengo kartela Usoa Zulaika oriotarrarena da. Litografia estiloko itsasoaren, balearen isatsaren eta hori koloreko egunzkiaren bidez, jaiaren eta herriaren iruditeria modu sinple bezain eraginkorrean bildu ditu sortzaileak. Mikel Valverdek eskuratu du epaimahaiaren aipamen berezia. Helduen taldeko lanak laster izango dira ikusgai kultur etxean, Balearen Egunera arte.

Gaztetxoen taldean, Naroa Azkue Etxeberria DBH2ko ikasleak eskuratu du sari nagusia, eta aipamen berezia LH5 mailako Manex Igoa Palaciosen lanarentzat izan da.

Irabazlea eta aipamen berezia.

Oina litzatekeena