Udan euskara praktikatzeko aukera, Mintzalagun programaren bidez

Mintzalagun programak harremanetan jartzen ditu euskaraz dakiten pertsonak eta ikasten ari direnak, astean ordubetez euskaraz hitz egiteko. Ikasturtean zehar 90 pertsona ibili dira Mintzalagun programan Urola Kosta bailaran, 22 talde txikitan banatuta. Egitasmoak duen harrera onak bultzatuta, udan ere eskaintzea erabaki dute programaren arduradunek.

Udako Mintzalagun programan parte hartu nahi dutenek ekainaren 20ra arteko epea dute izena emateko. Horretarako, nahikoa da zuen herriko euskaltegira jotzea edo telefonoz deitzea, programaren arduradunari (Eukene): 625 485 215. Posta elektronikoz ere eman daiteke izena, Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera idatzita.

Ikasturte bukaerako ekitaldia Zarautzen

2017-18 ikasturtea laster bukatuko da eta, urtero bezala, aurten Mintzalagun programan parte hartu duten lagunek ekitaldia egingo dute, festa giroko amaiera emateko. Aurten Zarautzen egingo da ekitaldi hori, ekainaren 7an, 18:30ean, Antoniano aretoan. Ekitaldian Andoni Egaña bertsolari zarauztarra solasean arituko da Mintzalagunekin.