Elkarretaratze jendetsua egin dute herriko ikasleek plazan, emakumeen eta gizonen parekotasunaren alde

Martxoaren 8ko goizeko 10:00etan morez jantzi da Orioko plaza. Bi eskoletako haur eta gazteak jende-katean etorri dira plazaraino, irakasleen laguntzaz eta, ondoren, ekitaldi labur bat egin dute udaletxeko balkoitik, emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna aldarrikatzeko.

Jende-katea eskualde osoan antolatu da (Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio eta Aian) herri guztietako ikastetxeek eta udalek bultzatuta, Zarauzko Berritzegunearen koordinaziopean.

Plazako ekitaldian, lehenbizi, Aitziber Campos Hezkuntza batzordeko buruak ongietorriko hitzak egin eta gero, eskualde osorako adostutako agiria irakurri dute DBH4ko bi neskak (bata Zaraguetako ikaslea eta bestea, ikastolakoa). Ondoren, LH5 eta LH6ko ikasle banak Iñaki Gurrutxaga bertsolari oriotarrak prestatutako bertso parea kantatu dute; eta, segidan, Errikotxia elkarteko Rosi Lazkanok beste bi bertso kantatu ditu. Ekitaldiari bukaera emateko, berriz, plazako haur eta heldu guztiek batera abestu dituzte eskualde osorako prestatutako bertsoak.

Agiri adostua

Honako hau da ekitaldian irakurri den agiriaren testua:

Gaur, martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Egunean, Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio eta Aiako ikastetxe eta udal guztiok bat egin dugu, emakume eta gizonen arteko parekotasuna aldarrikatzeko ozen eta lau haizetara, guztiok entzuteko moduan.

Emakume eta gizonen arteko parekotasuna lortzeko bidea luzea da eta asko egin dugu aurrera bide horretan bai gure herrietan eta baita ikastetxeetan ere. Ibilitako bidearen ederrak ez digu ezkutatu behar, hala ere, oraindik ibiltzeko dugunaren neurria:

  • Neskek eta mutilek zama bera eramateko etxeko lanetan eta zaintza lanetan, berdintasunean.
  • Ikasketetan aurrera egiterakoan, neskek eta mutilek aukera berdina izateko, oztoporik gabe.
  • Kalean lasaitasunez ibiltzeko inolako beldurrik gabe.
  • Lan munduan genero mugak gainditzeko eta soldatak parekoak izateko.Menpekotasunik gabeko harremanak izateko.

Hori dela-eta, lanean segitu behar dugu, bai herrian eta bai ikastetxeetan, parekotasunaren aldeko aldarria egiten eta guztiontzako eskubide eta betebehar berdinak eskatzen, gizarte zuzenago bat lortzeko.

Helburu horretara iristeko, gizarte osoak egin behar du ahalegin kolektiboa eta gu, agiri hau sinatzen dugun gizon-emakume eta erakundeok, prest gaude ahalegin kolektibo horri gure alea gehitzeko eta, horregatik, KONPROMISO HAUEK HARTZEN DITUGU:

  • Bakoitzak gure esparruan tinko egingo dugu emakume eta gizonen arteko parekotasunaren alde.
  • Gure ikastetxeetan parekotasunean oinarritutako hezkuntza bermatuko dugu.
  • Parekotasunaren aldeko aldarria zabaltzen jarraituko dugu, gizarteak segi dezan aurreratzen norabide horretan.
  • Elkarrekin ibiliko dugu bide hau, hitzak eta ekintzak uneoro uztartuz.

Orio, 2018ko martxoaren 8a.

Ekitaldiko bertsoak

Hauek dira, berriz, ekitaldian kantatu diren bertsoak:

Iñaki Gurrutxagak egindakoak:

Inork sinesten ez zuenean

pauso sendoak emanak

ondo gogoan dauzkagu berriz

lehengo emakume danak

gauden lekura heldu gintezen

haien borrokak ta lanak

pauso beretik segi dezagun

bidera batu geranak!


Mingaina moztu zieten eta

kosk egin zuten ahoaz

eskua moztu zieten eta

mahaian kolpea besoaz

emakumeoi kendu ziguten

talai altura igoaz

mundua alda dezakegu ta

mundua_aldatzera goaz!


Doinua: Badira hiru aste (Mikel Urdangarin)

 

Rosi Lazkanok egindakoak:

Nire sentimenduak

hontara narama,

balkoira irten, utziz

sukaldeko lana.

Nahiago det batzuen

lotsagabe fama,

ez sufritzen isilik

gelditzen dan ama,

libre ahal dugula

azaldu gerana.

 

Diskurtso potoloak

ondo bete lastoz,

baina gero betiko

arau denak datoz.

Eskaparate hontan

zailago da askoz,

etiketak ez dira

bete gure datoz,

eta zer geran bistan

ipintzera gatoz.

 

Ekitaldiari bukaera emateko bertsoak:

1

Ikastetxeak zenbat balore

den-denak baliagarri

gure arteko giroan eta

jarreran dira igarri

berdintasuna beharko luke

gure bizitzan oinarri

zenbat neska eta zenbat mutil

elkarren ondoan sarri

ikasitakoa behar dugu

bizitzan praktikan jarri

eta ametsak egi bihurtu

eskua emanez elkarri

 

2

Zenbat ta zenbat emakumeren

eskubide urraketa

eta nola emango diogu

egoera honi buelta

gizarte honek egin behar du

benetako hausnarketa

ondorengo belaunaldietan

etor dadin aldaketa

guzti hau behingoz erro-errotik

aldatu behar da eta

mundu berri baten ardatza da

gu gazteon heziketa

 

3

Ikasle asko bildu gara gaur

pankarta baten atzean

denok gogor arraun egiteko

norabide berdinean

gizon emakume denak laster

egon gaitezen parean

batzuk aukerarik gabe eta

askotxo besten menpean

zerbait egin behar dugu azkar

egoera honen aurrean

batera lasai bizi gaitezen

denok etorkizunean.

                                         

Doinua: Irrifar laranja bat margotu