Irailaren bukaera arte aurkez daitezke lanak aurtengo 'Euskaraz Gazte' literatur lehiaketan

2012ko irailaren 28a izango da azken eguna, lanak aurkezteko Euskaraz Gazte literatur lehiaketan.

Orioko Udaleko Euskara batzordeak urtero antolatzen duen ?Euskaraz Gazte? literatur lehiaketaren helburua honako hau da: idazteko zaletasuna suspertzea Orioko eta Aiako gazte-jendearen artean. Aurten hemeretzigarren urtea bete du lehiaketak.

Lehiaketan parte hartzeko bi modalitate izango dira: ipuinak, alde batetik, eta bertso edo olerkiak, bestetik. Parte hartzaileak 16 urtetik gorako oriotarrak edo aiarrak izango dira.

Lehiaketaren oinarriak

1 ?Euskaraz Gazte? literatur lehiaketaren helburua idazteko zaletasuna suspertzea da Orioko eta Aiako gazte-jendearen artean.

2 Lehiaketara aurkezten diren lanak euskaraz idatziak izango dira.

3 Lanak jatorrizkoak eta inon argitaratu gabeak izango dira. Ez da onartuko beste lehiaketaren batean saria jaso duen lanik eta, ezta ere, beste hizkuntzaren batean idatzi eta lehiaketarako euskaratutakorik.

4 Lehiaketan parte hartzeko, oriotarra edo aiarra izan behar da edo, bestela, Orion edo Aian bizi, eta 16 urte beteta izan behar dira.

5 Lanen luzera librea izango da.

6 Epaimahaiak gaiaren gertutasuna baloratuko du.

7 Lehiaketak bi atal izango ditu: ipuina eta bertsoa (edo olerkia).

8 Gaia librea izango da.

9 Lanak aurkezteko era: Lanak, onartua izateko, titulua besterik ez du izango agerian. Idazlearen izena ezin izango da inon aipatu. Lanarekin batera kartazal itxi bat aurkeztu beharko da,barruan egilearen datuak jasoko dituena eta kanpoan bere lanaren titulua besterik agertuko ez duena. Adierazi beharreko datuak: egilearen izen-deiturak, adina, helbide elektronikoa eta telefonoa.

10 Pertsona batek ezin dezake sari bat baino gehiago jaso atal bakoitzean.

11 Sariak hauek izango dira:

Ipuinen atala

1. saria: 300 euro

2. saria: 200 euro

3. saria: 150 euro

Bi accessit, bakoitza 100 eurokoa

Bertso edo olerkien atala

1. saria: 300 euro

2. saria: 200 euro

3. saria: 150 euro

Bi accessit, bakoitza 100 eurokoa

12 Epaimahaia. Epaimahaia Orioko Udaleko ordezkari batek, Aiako Udaleko ordezkari batek eta KARKARA aldizkariko kide batek osatuko dute. Epaimahaiak hutsik utz ditzake sariak.

13 Lanak aurkezteko tokia eta epea. Lanak Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuan edo Aiako kultur etxean aurkeztuko dira. 2012ko irailaren 28a izango da horretarako azken eguna.

14 Antolatzaileek berea izango dute saritutako lanak argitaratzeko eskubidea. Gainontzeko lanak itzuli egingo zaizkio eskatzen dituenari.