Udal Elkarteak eskualdeko 30 langabe kontratatuko ditu denboraldiko lanerako

LANERA KONTRATAZIOAK 2012 programaren barruan hartuko ditu langileak, 6 eta 9,5 hilabete artean.

Izena emateko epea uztailaren 27an bukatuko da.

LANERA KONTRATAZIOAK: BRIGADAK

LANERA KONTRATAZIOAK: BRIGADAK

Urola Kostako Udal Elkartearen LANERA KONTRATAZIOAK izeneko programa (brigada izenez ezagutzen da) 2011-2013KO ENPLEGU PLANAREN barruko ekimen bat da. Plan horren helburu nagusia da eskualdearen gizarte eta ekonomia sustatu eta herritarren ongizatea areagotzea. Hori lortzeko, hainbat programa eta lan ildo ditu planak, besteak beste LANERA KONTRATAZIOAK programa.

LANERA KONTRATAZIOAK programaren helburua da, lana lortzeko herritarrek dituzten aukerak areagotzea eta, horretarako, kualifikazio maila baxu zein altuko langabeak kontratatzea.

Horrenbestez, LANERA KONTRATAZIOAK programaren bidez, batetik, eskualdeko langabeak kontratatuko dira, gizarte intereseko lanak egiteko, eta, bestetik, langabe horiei lanbide jakin batzuetako prestakuntza eskaini, lan orientazio egoki bat eman eta lana aurkitzeko aukerak areagotzea lortuko da.

AMAITU BERRI DEN 2011KO PROGRAMA

2011ko brigaden programa joan den ekainean amaitu da. Lau talde aritu dira lanean eta guztira 36 pertsona kontratatu dira. Bi taldek lorezaintzako lanak egin dituzte eta beste bik pinturakoak. Amaitu berri den programaren kostua 481.950,08 eurokoa izan da. Lanbidek %59 finantzatu du (283.200,00 euro) eta Udal Elkarteak eta udalek %41 (198.750,08 euro).

2012KO LANERA KONTRATAZIOAK PROGRAMA

2012ko LANERA KONTRATAZIOAK programan (brigada lau brigada edo lantalde sortuko dira eta, orotara, 30 pertsona kontratatuko dira. Talde guztiak urriaren lehen hamabostaldian hasiko dira lanean.

2012ko LANERA KONTRATAZIOAK programa burutzeko diru baliabideak jarri dituzte Urola Kostako Udal Elkarteak eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalek. Aurreko urteetan INEM edo Lanbideren diru-laguntzak jaso izan ditu Udal Elkarteak, baina, 2012an, murrizketak direla eta, ez da dirulaguntzarik jasoko. Hala ere, Udal Elkarteak eta udalek ahalegin berezi bat egin dute, krisialdiaren ondoriorik latzenak jasaten ari diren langabeei laguntza eskaintzen jarraitzeko. Programa bera Udal Elkarteak kudeatu eta bideratuko du. Programa horren kostua 450.000 euro ingurukoa da.

BRIGADA EDO TALDEAK

Honako talde edo brigadak eratuko dira:

1.- Eremu publikoen mantentze-lanak (lorezaintza): enkargatu bat eta 8 peoi

2.- Eremu publikoen mantentze-lanak (pintura): enkargatu bat eta 8 peoi

3.- Egitura arinen soldadura eta muntaketa: enkargatu bat eta 8 peoi

4.- Euskara sustatzeko lanak: 3 langile laguntzaile

Bi espezialitate berri ditu 2012ko brigadak: batetik, egitura arinen soldadura eta muntaketa eta, bestetik, euskararen sustapena. Orain arte lorezaintza, pintura eta antzeko lanak egiteko brigadak sortu izan dira, oro har, kualifikazio maila baxuko langabeentzat. Eskualdeko langabezia datuek, ordea, erakusten dute azken urteetan nabarmen hazi dela kualifikazio maila ertain eta altuko langabeen portzentajea. Horri erantzuteko sortu dira bi espezialitate horiek.

Egitura arinen soldadura eta muntaketako brigadak gizarte intereseko lanak egingo ditu, Udal Elkartearentzat eta udalentzat (metalezko egitura arinak egin, konpondu, berritu...). Euskarako brigadak, berriz, Udal Elkarteko eta udaletako euskara zerbitzuen egitasmoetan parte hartuko du, indartzeko eta osatzeko eta, besteak beste, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorean euskararen erabilera sustatzeko lanak egingo ditu.

KONTRATUEN EZAUGARRIAK

Lan-kontratuak lanaldi osokoak izango dira, 6 hilabeteko iraupena izango dute peoien kasuan, 6,5 hilabetekoa enkargatuen kasuan eta 9,5 hilabetekoa euskarako laguntzaileen kasuan. Bestelako xehetasunak oinarrietan daude.

PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

Lanpostu mota bakoitzak baldintza zehatzak baldin baditu ere, parte hartzeko baldintza orokorrak hauek dira:

  • Lanbide Euskal Enplegu Zerbi