Hizkuntza politika bateratua aplikatzeko konpromisoa hartu dute eskualdeko udalek

Urola Kostako Udal Elkartea osatzen duten udalek eta Udal Elkarteak berak konpromisoa hartu dute aurrerantzean irizpide bateratuak aplikatzeko euskararen erabilera bultzatzeko lanean.

Uztailaren 4ko eguerdian Urola Kostako Udal Elkarteak eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalek prentsaurrekoa eskaini dute, onartu berri duten hizkuntza politikaren berri emateko.

Prentsaurrekoan parte hartu dute honakoek: Gari Berasaluze Zarauzko udaleko euskara-zinegotziak, Amets Etxabe Getariako Udaleko euskara-zinegotziak, Jon Agirresarobe Orioko Udaleko euskara-zinegotziak eta Amaia Guruzeta Udal Elkarteko lehendakariak.

Agintaldi berriarekin, Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko Euskara Batzordea eratu zuen joan den urrian. Batzorde edo lantalde horretan parte hartzen dute Udal Elkarteko udaletako (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako) eta Udal Elkarteko euskara zinegotziek eta euskara teknikariek.

Eskualdeko Euskara Batzordeak hainbat bilera egin ditu urriaz geroztik eta hainbat gai landu ditu. Horietako bat izan da Udal Elkartearen eta udalen hizkuntza politika orokorra lantzea.

Joan den martxoaren 13an Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak hizkuntza politika orokorra onartu eta udalei proposamena egin zien bat egiteko. Martxotik ekainera bitartean udaletako batzorde eta osoko bilkuretan gaia aztertu eta 5 udalek egin dute bat proposamenarekin.

Zer dela eta hizkuntza politika orokorra?

Udal Elkarteak eta udalek hainbat urrats egin dituzte azken urteetan euskararen erabilera normalizatzeko, baina asko dago oraindik egiteko. Bost udalen eta Udal Elkartearen helburua da euskaraz funtzionatzea. Eragileekin euskararen normalizazioaren alde aritzeko Udalek eredugarri behar dute. Uste dugu hizkuntza politika bateratua baleko instrumentua izango dela horretarako.

Hizkuntza politikaren oinarriak

Hizkuntza politika honen oinarrian dago Udal Elkarteak eta udalek euskararekiko hartzen duten konpromisoa, batetik, euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzeko eta, bestetik, belaunez belaun euskararen jarraipena bermatzeko.

Bestetik, Udal Elkarteak eta udalek bere egiten dute gure eskualdeko alor guztietan euskararen erabilera normalizatzeko eginkizuna.

Horrekin batera, Udal Elkartea eta udalak egile eta eragile direnez, agintaldi honetako helburutzat hartzen dute euskara izatea Udal Elkartearen eta udalen lan hizkuntza, barruko lanetan zein beste administrazio publikoekin dituzten harremanetan.

UROLA KOSTAKO UDAL ELKARTEAREN HIZKUNTZA POLITIKA

Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalek eta udal horiek osatzen duten Urola Kostako Udal Elkarteak honako hizkuntza politika orokor hau onartzen dugu:

1.- Euskara da gure udalerrietako berezko hizkuntza.

2.- Administrazio publiko gisa, gure egitekoa da euskararen erabilera normalizatzea, euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzea eta hurrengo belaunaldiei eskaintzea.

3.- Udal zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeaz gain, geure egiten dugu gure lurralde eremuan alor guztietan euskararen erabilera normalizatzeko helburua. Hori lortzeko erabaki eta irizpide bateratuekin jokatuko da.

4.- Udalen eta Udal Elkartearen zerbitzu eta lan hizkuntza euskara izango da, bai ahoz, bai idatziz.

5.- Herritarrei lehen hitza euskaraz egingo zaie eta beraiek hizkuntza aldatzen badute, orduan, beraiek aukeratutako hizkuntzan erantzungo zaie. Modu berean, hartzaile jakinik gabeko argitalpen, errotulu, eta udalen mezuak ere ahal dela, euskara hutsean egingo dira. Bestela, euskara lehenetsiko da.

6.- Udalen eta Udal Elkartearen arteko harremanak (ahoz nahiz idatziz) euskaraz izango dira eta Euskal Herrian kokatuta dauden administrazioekiko harremanak, ahozkoak nahiz idatzizkoak, euskara hutsean izatera joko da. Era berean, enpresekin, hornitzaileekin eta udalentzat lan egiten duten gainerako sozietateekin ere, harremanak euskara hutsezkoak izatera joko da.

7.- Udaletan nahiz Udal Elkartean egiten diren langileen kontratazioetan, lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatu beharko du langileak.

8.- Udaletan nahiz Udal Elkartean egiten diren era guztietako kontratazioetan hizkuntza baldintzak ezarri eta betearaziko dira; gauza bera egingo da elkarteei ematen zaizkien era guztietako diru-laguntzetan ere.

9.- Jendaurreko ekitaldietan euskara erabiliko dugu, eta ele bitan izan behar duten kasuetan, euskara lehenetsiko dugu.

10.- Hizkuntza politika orokor hau garatzeko udal bakoitzak eta Udal Elkarteak hizkuntza irizpide zehatzak landu, onartu eta moldatuko dituzte.

Lehen ekimena: hornitzaileei eskaera

Lehen ekimena, udalen eta Udal Elkartearen hornitzaileei harremanak euskaraz izateko eskaera egitea izango da. 'Datozen egunotan jakinaraziko diegu ohar eta idatziak (txostenak, aurrekontuak, fakturak?) euskaraz jaso nahi ditugula eta ahozko harremana ere ahal dela euskaraz izatea nahi dugula.'