elhuyar itzaultzaile automatikoaren logoa Itzulpen
automatikoa:
ES FR EN CA GL

Orion ere ez dugu eraso sexistarik onartuko

Orioko Udalak gaitzespen gogorrena azaldu nahi du gure herrian berriki gertatutako eraso sexistaren aurka, eta bere laguntza nahiz begikotasun osoa adierazi nahi die erasoa pairatu duen emakumeari eta bere ingurukoei. Udalak dituen informazio eta baliabide guztiak jarri ditu erasotako emakumearen esku, baita bere onera etortzeko prozesuan behar izan dezakeen laguntza guztia ere.

Otsaileko eta martxoko kultur programa iragarri du Udalak

Neguko hilabete ilunak arintzeko, dozenatik gora kultur ekitaldi izango dira herrian, tartean, datorren ostiralean, otsailak 11, kultur etxean egingo den Bederatzikoa bertso eta musika saioa, Andoni Egaña eta Xabier Lizasorekin. Antzerkia, musika, ipuin-kontalariak eta dantza-ikuskizunak ez dira faltako datozen asteetan.

Orio eta Aiako Euskaraldiaren dinamizatzailea kontratatzeko deialdia egin du Euskaltzaleen Topaguneak

Euskaraldiaren 3. edizioa egingo da aurten azaroaren 18tik abenduaren 2ra, eta Euskaltzaleen Topaguneak pertsona bat kontratatuko du, Orion eta Aian edizio honetako lanak koordinatu eta dinamizatzeko. Urola Kostako Udal Elkartearekin lankidetza-hitzarmena sinatu du Euskaltzaleen Topaguneak eta horren bidez finantzatuko du kontratatzioa.

Ostiral goizean zabalduko dute Kaia kalea ibilgailuentzat

Saneamendu-sarea berritzeko Kofradia inguruan egiten ari diren obren ondorioz, Kaia kalea trafikoarentzat itxita egon da urtarrilaren 24az geroztik. Bidea aste honetan hormigoitu du Gipuzkoako Ur Kontsorzioak, eta bihar, ostiralarekin, zabalduko dute autoentzako pasabidea.

Sahararako janaria bilduko da larunbat goizean Herriko Plazan

Herriko boluntario-talde batek janari-bilketa antolatu du egun hauetan, gero janari hori Saharara bidaltzeko. Hiru modutara egiten ari dira bilketa: Orioko bi ikastetxeetan, herriko janari-dendetan eta Herriko Plazan larunbatean jarriko duten haimaren bidez.

Zabalik da epea udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuetan izena emateko

Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak ekainaren 27tik uztailaren 3ra izango dira aurten, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, martxoaren 31 arte. Aurten ere ibiltaria izango da UEMAk antolatutako ekimena. 50 laguneko bi zutabe abiatuko dira. Bat Tolosatik, eta bestea Etxarri Aranaztik, eta laugarren egunean Leitzan elkartuko dira bi zutabeak. Udalekuen helburua hauxe da: Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea. Iaz gazte askok eman zuten izena, eta asko kanpoan geratu zirenez, aurten parte-hartzaileen kopurua bikoiztea erabaki du UEMAk.

Petrila eta horma berritu ditu Udalak zimitorio zaharreko sarreran

Udalak konponketa-lan batzuk egin ditu San Nikolas elizako zimitorio zaharreko sarreran. Kale Nagusira ematen duen hormaren zati bat hezetasunak hondatua eta itsustua zegoen, beheko argazkian ikusten den bezala, eta hori saneatu eta konpondu du Udalak. Horrekin batera, petrilaren gaina ere konpondu du.

Hirugarren bilera irekia egingo du Udalak kultur elkarteekin eta euskara arloko eragileekin

Bilera otsailaren 1ean izango da, asteartearekin, 18:30ean, Salatxo aretoan.

Orioko Udala prestatzen ari den euskara-planaren lanketaren barruan, lantalde bat osatu da herriko kultur elkarteekin eta euskara arloko eragileekin. Lantalde horrek bi bilera egin ditu dagoeneko eta datorren asteartekoa izango da hirugarrena eta azkena.

Udalak zuzenean gonbidatu ditu bilerara herriko kultur elkarteak eta euskara arloko eragileak, baina gaiarekin interesa duen edozeinek parte hartu dezake.

Trafikoari itxita jarraituko du Kaia kaleak zenbait egunez

Saneamendu-sarea berritzeko Kofradia inguruan egiten ari diren obren konplexutasunaren ondorioz, lanak hasieran uste baino gehiago luzatuko dira. Hori dela eta, Kaia kaleak trafikoari itxita segituko du beste zenbait egunetan. Bitartean, ibilgailuek, joan den astean bezala, Txankako bidea hartu beharko dute herritik ateratzeko.

Asteartean irekiko da epea familia ugarien hobariak eskatzeko Ondasun Higiezinen Zergan

Orioko Udalak, urtero bezala, hobariak edo bonifikazioak onartu ditu familia ugarientzat, Ondasun Higiezinen Zergari dagozkionak.

Interesatuek otsailaren 1etik 28a arteko epea dute hobari horiek eskatzeko udal-bulegoetan.

Noka ikastaro praktikoak antolatu ditu Ahalduntze Eskolak

Azken urteotan Udaleko Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean nokaren ezagutza eta erabilera sustatzeko egiten ari den lanketaren barruan, bi talde osatu nahi ditu Orioko Ahalduntze Eskolak: bat nokaren oinarriak ikasi nahi dituztenentzat, eta bestea, praktikatu nahi dutenentzat. Bi taldeetako saioak otsailean eta martxoan izango dira. Izen-ematea urtarrilaren bukaerarako egitea komeni da, taldeak antolatu ahal izateko.

Udalbatzarrak ohiko bilkura egingo du ostegunean, urtarrilak 27

Bilkura udalbatzarraren aretoan egingo da, udaletxean. 19:30ean hasiko da, eta gai hauek aztertuko dira: